Zabalik da ‘Egin Leku!’ Musikari euskaldun hasiberrientzako deialdia

Proposamenak bidaltzeko epea uztailaren 25ra arte egongo da zabalik. Kontzertuak urrian hasiko dira, eta bi hileko maiztasuna izango dute.

Bigarren urtez jarraian, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak Egin Leku! deialdia jarri du martxan: musikari hasiberrientzako plaza irekia. Ekimenak beren musika jotzeko aukera eskainiko die urtean zehar, Oihanederren.

Hala, musikaren munduan eta kantuen konposizioan lehen urratsak ematen ari diren musikariei leku bat eskaini nahi die deialdi ireki honek. Aldi berean, Euskal Herriko artista berriei kulturgune euskaltzale honetan jotzeko aukera eman nahi die Oihanederrek.

Hala, musikari hasiberrientzako plaza izango denez, formatu txikiko proposamenak izan beharko dira: bakarka, edo gehienez beste bi musikarik lagunduta. Halaber, aurretik diskorik grabatu ez duten musikariei zuzenduta dago  eta kontzertu kopuruen erdia 35 urtetik beherako gazteek egindako proposamenentzat izango da.

Edozein estilotako musika onartuko da, baina kantuen hitzak gutxienez %75 euskaraz izan beharko dira. Horrez gain, emanaldi osoko komunikazio hizkuntza euskara izango da, baita aldez aurreko produkzio harremanetako hizkuntza ere.

Deialdia hilaren 25era arte egongo da zabalik. Hala, parte hartu nahi dutenek inprimakia bete beharko dute eta bideo (mp4) edo formatu digitalean (mp3) grabatutako hiru kanta bidali beharko dituzte formularioarekin batera.

Abuztuaren 2an  jakinaraziko dira zeintzuk izango diren aukeratutako proposamenak, musikaren inguruko artista ezberdinekin osatutako epaimahaiak hala erabakita. Kantuen originaltasuna, kalitatea eta euskararen erabilera izango dira baloratzeko erabiliko diren irizpideak. Behin aukeratutako proposamenak jakinda, urte osoko kontzertuen egutegia zehaztuko da. Hala ere, urriaren 7an aurreikusten da lehenengo kontzertua, eta urte osoan zehar bi hilabeteko maiztasunarekin burutuko dira.

Oihanederrek kontzertuak egin ahal izateko zenbait baliabide ipiniko ditu musikarien eskura: alde batetik, kontzertua egiteko baliabide teknikoak (soinu ekipoa eta mikrofonoa) eta espazioa Euskararen Etxean bertan, eta bestetik, emanaldiaren komunikazioa Oihanederren ohiko zabalkunde euskarrietan. Horrez gain, 200 euro ordainduko zaizkio 50-75 minutu arteko emanaldia prestatzeagatik.

Bestalde, publikoaren parte-hartzea sustatuko du deialdi honek, eta kontzertuetan bozkatzeko aukera emango zaio ikusleari: Oihaneder Euskararen Etxearen Youtube kanalean izango dira ikusgai kontzertuak eta “atsegin dut” gehien jasotzen duen bideoa izango da irabazle. Musikari bozkatuenari 100 euroko publikoaren saria emango zaio eta bozketan parte hartzen duten ikusleen artean Gasteizko musika denda batean gastatzeko 50 euroko bonua zozkatuko da.

Oinarriak, hemen.

Zabaldu: