Mariasun Landak eta Julia Perok hartuko dute parte besteak beste. Saioak hilaren 14an, 21ean eta 28an izango dira arratsaldeko 19:00etan.
Donostia Kulturak zahartzaroari buruzko hiru jarduera literario antolatu ditu apirilean zehar, Liburutegi Nagusiko San Jeronimo kaleko aretoan. Azken hiru astearteetan izango dira saioak, guztiak arratsaldeko 19:00etan. Lehenengo biak euskaraz, eta azkena gazteleraz.
Apirilaren 14an izango da lehena, Esker onak, Delphine de Vigan solasaldiarekin. IƱigo Aranbarrik gidatuko du eta nazioartean arrakasta handia lortu duen lan honi buruz arituko dira solaskideak. Zahartzaroan adiskidetasunaren, zaintzaren eta memoriaren inguruko hausnarketa sentikorra proposatzen du liburuak. Hizkuntzaren galerak, pertsonen arteko harremanak eta esker onari buruzko gaiak ere jorratzen dira testuan.
Apirilaren 21ean, Egunaren adinak. Zahartzaroa hizpide, Mariasun Landa hitzaldia izango da. Landak Egunaren adinak testua oinarri hartuta, zahartzaroari buruzko hitzaldia emango du. Liburua Denonartean argitaletxeko album ilustratua da, Maite Gurrutxagaren ilustrazioekin. Egunaren unearen arabera, adinaren pertzepzioa nola aldatzen den da liburuaren abiapuntua. Hortik aurrera, sortu den altxorra Landaren eta Gurrutxagaren lan onaren emaitza da. Saioan entzun ahal izango da Mariasun Landak gaiari buruz azken urteetan landu duen diskurtsoa. Liburuak salgai egongo dira aretoan.
Azkenik, apirilaren 28an, Olor a hormiga, Julia Perorekin solasean izango da. Ylenia Benitok gidatuko du saioa, idazlearen parte-hartzearekin. Honetan, bertaratutakoek egilearekin zuzenean hitz egiteko aukera izango dute. Perok aipatzen ez den errealitate bati heltzen dio: bakarrik eta bere egoerarekin haserre dagoen adineko jendearena. Istorio gogorra da, sentsibilitatez eta errealismoz landua.