‘Zaldi emozionalak’ kantua aurkeztu du Pettik

Pettik kaleratu berri duen Manipulazio estrategiak diskoko abestia dugu Zaldi emozionalak.

Musikari beratarrak pentsamendua, poesia eta doinua batzen dituen egitasmoa aurkeztu behar zuen joan den martxoaren 15ean Bilboko Loraldia Festibalean, baina koronabirusaren krisiak eraginda, bertan behera gelditu zen aurkezpena. Egitasmoak Manipulazio estrategiak du izena eta Noam Chomsky pentsalariaren hausnarketetan oinarritzen da.

Sylvain Timsit idazleak, Noam Choskyren pentsamenduan oinarrituta, sarean asko hedatu den zerrenda osatu zuen 2002an: “Manipulazio mediatikoaren 10 estrategiak”. Testuak iritzi publikoa eta jendartea bera modu masibo batean manipulatzeko estrategiak hamar punturen bidez laburbiltzen ditu. Zerrenda horretan inspiratuta, Pettiri disko kontzeptual bat sortzeko ideia bururatu zitzaion eta, hala, Harkaitz Cano idazleari proposatu zion eta honek onartu zuen.

Horrela jaio zen Manipulazio estrategiak sortzeko asmoa, bi urtez baino gehiagoz landu dutena, mimo, jakituria eta sen mugagabeekin. Estrategia bakoitza poema bat da, eta dagokion musika estiloa du: bossa nova, bluesa, folka, rock and rolla… “Hala, emaitzak gaurkotasun beteko auzi baten ituan jotzen du, mezu zorrotz eta argigarriz. Manipulazioari aurre egiteko kultura-artefaktua”.

Diskoa ZART kolektiboarekin kaleratu du musikariak, eta hamar abesti biltzen ditu, estrategia bakoitzerako bana. Harkaitz Canok ipini dizkie letrak abestiei, eta Pettik doinua.

Moldaketak, berriz, Angel Unzuk eta Juantxo Zeberiok egin dituzte, eta beste hainbat musikariren laguntza ere izan du. Grabaketa lanak Atala estudioan eta Bonberenean egin dituzte, Iñigo Irazoki eta Karlos Osinaga teknikariekin. Diskoaren diseinuaz, berriz, Alain Urrutia ZART-eko kidea arduratu da.

Zabaldu: