Elkarteak Aintzinate Berantiar garaiko labe bat aurkitu du Zalduako aztarnategian. Horrek esan nahi du Nafarroako Pirinioetan kokatuta dagoen hiri honetan kokaleku erromatarrak egon zirela.
Hamar urte bete ziren iaz zen Zalduako aztarnategiko lanak abiatu zirenetik eta, Aranzadi Zientzia Elkarteak jakitera eman duenez, aztarnategiak gure historiaren aztarnak argitara ematen jarraitzen du.
Kanpaina honetako aurkikuntzarik esanguratsuenetako bat Antzinate Berantiar garaiko (K.o. III. mendearen bigarren erdian eta IV. mendearen hasieran) labe bat izan da.
Oihane Mendizabal Aranzadiko arkeologo eta indusketaren zuzendariak azaldu duenez, “labea seguruenik metalurgia lanak egiteko baliatua izan zen, inguruan brontzezko hainbat elementuren zati aurkitu direlako inguruan”. Aurkitutako objektu horien artean aipagarriak dira brontzezko eskulturen bi zati, batetik zaldi txiki baten apatxa eta zangoa eta bestetik, beste animalia baten balizko adar zatia. Aurkikuntza horiek “beste behin metarlurgiak lurralde honetan izango zuen garrantzia azpimarratuko luke, baita inperioaren azken garaietan material metalikoak berrerabiltzeko joera” gaineratu du Mendizabalek.
Kanpaina honetan, termen eraikinaren iparraldean kokatutako bi gune induskatu dira. Gainontzeko eraikinean bezala erromatar garaian iraun duten fase ezberdinetako aztarnak identifikatu dira haien barnean, hau da, k.o. I-V. mendeetakoak. “Gehien aurkitu ditugun elementuak egunerokotasunari lotutakoak dira: zeramika ontziak, eraikuntza material zatiak, iltzeak, oinetakoen tatxetak, txanponak, animalia-hezurrak, etab.”, adierazi du arkeologoak.
Oihane Mendizabalek EHUko aztarnategi garrantzitsu honetako doktore-tesia aurkeztuko du hilaren amaieran.
Zaldua, erromatar hiria Nafarroako Pirinioetan
Hirigune honen erdian tamaina handiko (800 m2) konplexu termal bat dago. 300 urte baino gehiagoko fase historiko ugari dituen eraikina. Denbora horretan guztian hainbat funtzio izan ditu, hala nola termak berak edo metalurgiarekin lotutako hainbat tailer, non burdina eta brontzea lantzen baitziren.
Bisita gidatuak
15 eguneko lan-kanpaina hau uztailaren 10ean hasi zen. Nafarroako Gobernuak eta Auritz-Burgueteko Udalak finantzatu dute indusketa, eskualdeko gainerako udalen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzarekin batera.
Gainera, lantaldeak uztailaren 22an, larunbata, Ate Irekien Jardunaldia antolatu du 2023 kanpainan aurkitutakoa erakusteko. 45 minutu inguruko doako bisita gidatua egingo da, aurtengo indusketa-lanetan aurkitutako material esanguratsuenak ikusteko. Bisita euskaraz goizeko 11:00etan izango da eta gaztelaniaz 12:00etan. Aranzadik nabarmendu duenez, “oinez edo bizikletaz hurbiltzea gomendagarriena bada ere, autoz iritsi ahal izango gara aztarnategira”.
Informazio guztia: Aranzadiren webgunean.