Abenduaren 7an Apaiz-kartzela dokumentalaren work in progress emanaldia izango da Durangoko Azokako Irudienean. Oier Aranzabal, David Pallares eta Ritxi Lizartza dira zuzendariak eta beraiekin batera, preso egondako apaizak ere bertaratuko dira.
Durangoko Azokako 54. edizioa hasteko hiru aste bakarrik falta dira, eta kulturaren plazako guneak buru-belarri ari dira euren programazioa ixten. Irudienean esaterako, azken urtean Euskal Herrian sortutako hainbat proiektu ezagutzeko aukera izango dugu: dokumentalak, fikzioak, film laburrak, umeentzako zinea eta abar.
Abenduaren 7an, larunbata, oso ekitaldi berezia antolatuko da Irudienean. Goizeko 12:30ean Apaiz-kartzela dokumentalaren proiekzioa egingo da, eta espetxe horretan preso egon zirenak omenduko dituzte. Dokumentalaren zuzendariak Oier Aranzabal, David Pallares eta Ritxi Lizartza dira. Ikus-entzunezkoan Zamorako kartzelan egondako apaizen istorioa kontatu eta lekukotzak jasotzen dira.
Aranzabal eta Lizartzarekin batera, aurkezpenean Xabier Amurizak, Josu Naberanek eta Juan Mari Zulaikak parte hartuko dute. Sarrera doakoa izango da, gonbidapen bidez (abenduaren 5etik aurrera jaso ahal izango dira, Irudienean bertan). Emanaldia “work in progress” izango da, hau da, filmaren irudiak ikusi ahal izango dira, baina ez da behin-betiko bertsioa izango.
Zamorako espetxea 1968. urtean ireki zuten, frankismoari aurre egin zioten apaizak bertan sartzeko asmoz. Guztira 53 apaiz izan zituzten bertan, eta apaizentzat bereziki sortutako lehenengo espetxea bihurtu zen. 50 urte igaro dira kartzela ireki zutenetik, eta bertan egondakoek hainbatetan salatu dutenez, oraindik ez dute Elizaren eta erakundeen barkamenik jaso.