(argazkia: Nafarroa Oinez)

Zangozako Ikastolak aurtengo Nafarroa Oinez jairako kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu

Iruñeko San Fermin jaietarako egitarauaren berri ere eman dute prentsaurrekoan.

Nagore Oria Zangozako Ikastolako zuzendaria, Eneko Alkorta Jarduerak batzordeko arduraduna, June Gabarain eta Antonio Iriarte Skabidean taldeko kideak, Amaia Aldanondo abestiaren letraren egilea eta Marina Lameiro bideokliparen zuzendaria Nafarroako Ikastolen Elkarteko egoitzan bildu dira, alde batetik, aurtengo Nafarroa Oinezeko kanta eta bideoklipa aurkezteko eta, bestetik, San Fermin jaietarako programazioa aurkezteko.

Aurkezpenean azaldu dutenez, kanta eta bideokliparen prozesuak hainbat fase izan ditu. “Lehenengoa, lehiaketa baten bitartez, abestiaren letra sortzea izan zen”. Oriak esan bezala, “ikastolak argi izan zuen hitzak Zangozaldeko euskaldunon artetik atera behar zituela, hori dela eta, lehiaketa ingurura mugatu zen”. Aldanondok, bere aldetik, argi izan zuen hasieratik zein mezu helarazi nahi zuen: “Ertza eta periferian gauden euskaldunak hemen gaudela aldarrikatu nahi nuen, gure zentroa eraikitzen ari baikara, hori erakutsi nahi nuen, besterik ez”, azaldu du. Kantaren hitzetan aurtengo Nafarroa Oinezeko helburuak aipatzeaz gain, Zangozako Ikastola sustatzeko ahaleginak ere aipatzen dira.

Behin letra prest zegoela, Skabidean, Iruñeko reggae taldearengana jo zuten musikaren enkargua egiteko. Hainbat ideia entzun ondoren, apurka-apurka, aurkeztutako kanta konposatu zuten: “Gure ustez, abestiak elkartasuna eta auzolana batzen ditu, baina alaitasuna alde batera utzi gabe, euskara aldarrikatzeko oso beharrezkoa iruditzen zaigun nahasketa, Euskal Herriaren eta Nafarroa Oinezen izaera ezin hobeto irudikatzen duena”, adierazi dute.

Ondoren, ikastolako irakasle batzuek ikasleen ahotsak prestatu zituzten eta Andoaingo Garate estudioan ahotsak grabatu zituzten Skabidean taldeko kideekin batera. Oriak esan duen bezala, ikasleek, familiek eta irakasleek “esperientzia ahaztezina” bizi izan zuten grabazioaren egunean, Skabidean taldekideekin batera abestia bere eginez.

Bideoklipa grabatzeko unea heldu zen azkenik. Horretarako, Marina Lameiro zinema-zuzendariaren laguntza izan zuten, eta ikasleak prozesu horren protagonistak izan dira azken hilabete hauetan. Lameirok, tailer batzuk antolatu zituen DBHko eta LH 3. zikloko ikasleekin bideoklipa antolatzeko eta grabaketa baten ezaugarriak ezagutzeko: “Egungo irudi digitalez beteriko munduan, interesgarria iruditzen zitzaidan txiki eta gazteei beste teknologia bat gerturatzea eta mundura ekartzen ditugun irudietan pixka bat hausnartzea”, kontatu du. Ikasleen proposamenetan oinarrituta dago bideoklipa eta Super 8 kamera batekin grabatu du Lameirok. “Oso esperientzia aberasgarria izan da ikasleentzat eta asko eskertu dute haien proposamenen emaitzak bideoklipean ikustea”.

San Fermin jaietako egitaraua

Urtero bezala, Oinez Txokoa Takonerako parkean izango da goizeko 10:30etik gaueko 2:30-3:30era. “Txosnan, beti bezala, ogitartekoak jateko aukera egongo da eta mahai eta aulkietarako gune bat prestatuko dugu”. Bestalde, San Ferminetarako kaleratu berri den arropa eta material postu salmenta ere egongo da.  Alkortaren hitzetan, Oinez Txokoak “San Fermin jaiek irauten duten bederatzi egunetan giro lasaian bazkaldu eta afaltzeko aukera ematen duen lekua da, euskarazko jarduerak eskaintzen dituen txokoa eta estilo ezberdinetako kontzertuez gozatzeko parada eskaintzen duena”.

Zabaldu: