‘Zapla!’ zazpi bertso saiok osatuko duten zikloa abiatuko dute Nafarroan

“Txapelketarik ez den honetan, nafar bertsolariei plazak eskaintzea da asmoa, kultura segurua dela erakustearekin batera. Era berean, saio moldeetan berritzeko baliatuko da aukera”.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak bertso plaza aktibatu eta sustatzeko asmoz, Zapla! egitasmoa jarri du martxan. “Pandemiak bertso plaza ia desagerrarazi duen honetan, eta Nafarroako Bertsolari Txapelketa atzeratuta, nafar bertsolari eta gai-jartzaileei plazak eskaintzea, kultura, eta bertsolaritza, segurua dela eta erantzukizunez antolatu daitekeela erakustea eta txapelketak exijitzen duen saio edo egitura zurrunetik harago, bestelako saio mota, gai, ariketa moldeekin esperimentatzeko aukera baliatzea”, dira ekimenaren helburuak.

Elkarteak azaldu duenez, Zapla! zazpi bertso saiok osatuko duten ziklo bat izango da. “Zazpi herri ezberdinetan eginen dira emanaldi horiek, apirilaren 23tik maiatzaren 15a bitartean; saio bakoitzean bertsolari ezberdinek hartuko dute parte. Ekitaldi bakoitzak, gainera, izaera propioa izanen du, besteengandik ezberdina”. Hain justu, hasieran aipatu bezala, hori da egitasmoaren helburuetako bat: “bertso saioen diseinuan berritu eta esperimentatzea, ohikotik harago egon daitezkeen ariketa, gai eta saio motak proposatuz”. Era berean, bertsolaritzaren aniztasuna ere islatu nahi du egitasmoak, kultur adierazpen horren barruan egon daitezkeen saio mota ezberdinak bilduz.

Lizarran, Beran, Irurtzunen, Zizur Nagusian, Antsoainen, Agoitzen eta Arantzan eginen dira zazpi saio horiek, eta bertako udalen laguntza jaso du Nafarroako Bertsozale Elkarteak egitasmoa antolatu ahal izateko. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ahal izango dira martxoaren 29tik aurrera.

Zabaldu: