(argazkia: Jon Garate)

Zauri itzulezinez zipriztindutako argazkiak

Ongarri Argazki Taldeak eta Elgoibarko Udalak Jon Garate Ondarreren argazkiekin osatutako Noraezean erakusketa paratu du Elgoibarko Kultur Etxean.

Noraezean erakusketa ibiltariak “azken lau urteetan Abiadura Handiko Trenaren (AHT) eraikuntza lanen inguruan, nire gertuko periferian zehar ibiltzera eraman nau, Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) bailara menditsuetan”, adierazi du Jon Garate argazkilariak.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “argazkilariaren begiradak eskutik garamatza mugarik eta bururik gabeko garapen zoroaren lorratzetatik. Tokiko periferia ertainean zehar han-hemenka, desarrollismo garaikideak eragindako zauri itzulezinek zalantzan jartzen dituzte bide-orri hegemonikoak urteetan zehar finkatu nahi izan duen narratiba”.

Identitatea eta lurraldea, garapena eta jasangarritasuna, hitza eta ekintza aurrez-aurre agertzen dira Abiadura Handiko Trenaren proiektuak Debagoienan eta Durangaldean gorpuztu duen errealitatea jorratzen duen lan dokumental honetan.

Garate euskaldunontzako horren sinboliko eta identitarioak diren ingurune naturalaren hondatze eta galerak sortutako mina islatzen saiatu da batetik. Bestetik, “horrelako garapen batek atzetik daramadan begirada, sakoneko mundu ikuskera, non jatorriz heterogeneoa eta kaotikoa den ingurune bat begirada geometriko, neurtu eta kalkulatu batez ordezkatzen den. Hori guztia inoiz iristen ez den balizko hitzemate baten izenean, baina zeinen eraginak orainean agerikoak, nabariak eta itzulezinak diren”.

Jon Garate 1987an jaio zen Elgoibarren. Informatika Ingeniaritza ikasketak egin zituen, eta, hamabi urtez lan horretan aritu ondoren, 2013. urtean argazki kamera hartu argazkiak egiten aritu da orain arte, 2021az geroztik buru belarri ari da zeregin horretan lanean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna