Zea Mays taldea bueltan da

Laukote bizkaitarra Bilboko Santana aretoko agertokira igoko da apirilaren 9an, taldearen 25. urteurrena ospatzeko asmoz. Denetara zazpi kontzertu eskainiko dituzte eta Bilbokoa izango da Euskal Herrian emango duten bakarra. Gainera, martxoaren 3an, single berri bat aurkeztuko dutela iragarri dute.

Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslariak azaroan iragarri zuen musika aldi baterako utziko zuela osasun arazoak tarteko. Orain, atseden hartu eta zaintza pertsonalari denbora eskaini ondoren, laukoak itzulera iragarri du sare sozialen bidez zabaldutako ohar batean. “Prest gaude agertokietara itzultzeko, eta gure nahia taldearen 25.urteurrena zuekin batera ospatzea da, apirilaren 9an Bilboko Santana aretoan. 25 joan dira ta! ekitaldia musika eta errepideko urte hauek ospatzeko topagunea izango da. Oraingoan, gainera, etxean izango gara eta ilusio berezia egiten digu ekitaldi hau Zea Mays familiarekin partekatzeak”, adierazi dute.

Sarrerak bihar, otsailak 23, 12:00etan jarriko dituzte salgai.

Taldeak zehaztu duenez, zazpi kontzertuz osatutako bira egingo dute eta Bilbokoa izango da Euskal Herrian eskainiko duten bakarra. Gainerakoak, Logroñon, Madrilen, Torrelavegan, Valladoliden, Zaragozan eta Bartzelonan izango dira.

Single berria martxoan

Hilabete hauetan proiektu berrietan lan egiteko aukera ere izan dutela adierazi dute, aurrerapen moduan, martxoaren 3an single berria argitaratuko dute. “Oso eskertuta gaude orain arte jaso dugun babesagatik, eta denok batera abestiek duten indarra partekatzeko gogotsu gaude!”.

Zabaldu: