‘Zeinen Ederra Izango Den Fest’ jaialdi berria sortu du Zetak taldeak

2021eko ekainaren 5a aukeratu dute festa ospatzeko. Pello Reparazen arabera, “jaialdi baikor eta itxaropentsua” izatea nahi dute. Sarrerak bihar, apirilak 24, goizeko 12:00etatik aurrera egongo dira eskuragai taldearen webgunean: www.zetak.org.

Jaialdi guztiak bertan behera gelditzen ari diren garai honetan, Zetak taldeak jaialdi berri bat sortu du: Zeinen Ederra Izango Den Fest. Pello Reparaz mosukariak sare Sozialen bidez eman du ekimenaren berri eta pasa den astean argitaratu zuen abesti berriaren izen berarekin bataiatu du. Berrogeialdian sortutako kanta da honakoa eta bideoklip eta guzti plazaratu zuen.

Hala, 2021eko ekainaren 5a aukeratu du festa ospatzeko. Reparazen arabera, “jaialdi baikor eta itxaropentsua” izatea nahi dute. Kokapenari buruz, baina, Arbizuko musikariak ez du ezer aurreratu oraindik, Euskal Herrian izango dela soilik. “Sarrera erosi edo oparituko dutenak etorkizunean sinisten duten pertsona bereziak dira. itxaropen inbertsio bat egingo dute eta aldi berean euskal talde bat babestuko dute”.

Sarrerak bihar, apirilak 24, goizeko 12:00etatik aurrera egongo dira eskuragai taldearen webgunean www.zetak.org.

Pello Reparazek pasa den urtean jarri zuen martxan elektronika eta pop melodiak uztartzen dituen Zetak taldea. Hamar urte Vendettan egon ostean, taldea desegin eta proiektu berria Leire Colomo, Gorka Pastor eta Iban Arreuri musikariekin batera abiatu zuen. Iazko azaroan, hamar kantuz osatutako diskoa ere kaleratu zuten.

Zabaldu: