(argazkia: Zetak)

Zeinen ederra izango den jaialdia egingo dute apirilaren 2an BEC-en

Anne Lukin, Maria Arnal & Marcel Bages, Zoo, Dupla, Gatibu, Luna Ki, Tanxugueiras, ETS, Ene kantak, Maren eta Zetak izango dira oholtza gainera igoko diren talde eta bakarlarietako batzuk.

Zetak taldeak eta Panda enpresak Zeinen ederra izango den Fest (Zeid Fest) jaialdia antolatu du apirilaren 2rako, Barakaldoko BECen. Bertan, 20 talde eta bakarlari igoko dira oholtza gainera, horien artean daude Anne Lukin, Maria Arnal & Marcel Bages, Zoo, Dupla, Gatibu, Luna Ki, Tanxugueiras, ETS, Ene kantak, Maren eta Zetak bera.

Zetakek 2020ko itxialdian sortu zuen Zeinen Ederra Izango Den kanta. Euskal gizarte osoarekin konektatu zuen abestiak eta berehala egin zen ezagun, musika esparrutik haratago joanez eta mugimendu itxaropentsu bihurtuz. Kanta soil bat bezala hasi zena, gizarte osoarentzako proiektu handi bat bihurtu da orain; “guztiok elkarrekin lan egiten dugunean zer egiteko gai garen erakusten du”, adierazi dute antolatzaileek.

Hala, Zeinen Ederra Izango Den jaialdiak “musika gure jendearekin elkartzeko aitzakia izan nahi du, non guztiok esperientzia paregabeaz gozatuko dugun, baikortasun eta zoriontasun uneak inspiratuz eta kolektibitatea, osotasuna, pasioa, dibertsioa eta aniztasuna bezalako balioak sustatuz”. Izan ere, Zetaken abestia “euskal gizartearentzat ereserki bihurtu da maite ditugun pertsonekin bizitzaz gozatzera bultzatzen gaituelako”.

Antolakuntzak nabarmendu duenez, “jaialdi honetan benetan garrantzitsuena denona eta denontzat izatea da, alegia, Covid-19a bezala, Zeid Fest generoak, adinak, herrialdeak, klase sozialak edo arrazak ulertzen ez dituen jaialdia da”.

Hala, jaialdian mundu guztia musika entzuten, atseden hartzen, indarrak berritzen edo sortzaile berrien produktuak deskubritzen gustura senti dadin hainbat gune egongo dira. “Eguna familia edo lagun artean igarotzeko eta musikarik onena entzuteko ere aukera izango bada ere, egun luzeari aurre egiteko atsedenaldi bat hartzeko aukera ere egongo da nahi duenarentzat”, azaldu dute.

Hauek dira jaialdirako prestatu diren guneak:

Zeid Azoka: sortzaile berriak euren ehunezko produktuak, produktu artistikoak edo diseinuzkoak ezagutarazteko gunea. Azokan, gainera, aisialdirako gune bat egongo da, barra eta terrazarekin.

Janari gunea: indarrak hartzeko foodtruck gunea. Janari eskaintza zabala duena, baita begano eta begetarianoentzako aukera ezberdinekin ere.

Gaztea gunea: Gaztea irratiko DJek girotutako gunea. Bertako irratsaioa egun osoan zehar emititzen egongo da eta artistak, ikusleak eta antolakuntzako jendea pasako da bertatik.

Taldeen merchandise gunea: jaialdian parte hartuko duten taldeek euren produktuak saltzen egongo diren gunea: arropa, osagarriak, diskoak…

Naiz eszenatokia: hauek dira eszenatoki honetan eskainiko diren kontzertuak: 12.15ean ETs, 13.30ean Ptazeta, 14.45ean Tanxugueiras, 16.30ean Maria Arnal & Marcel Bages, 18.00etan GATIBU, 19.45ean Los Chicos del Maiz, 21.30ean Iseo & Dodosound, 23.00etan Zetak eta 00.30ean Zoo.

La Salve eszenatokian, berriz: 12.00etan Ene kantak, 13.15ean Maren, 14.15ean Anne Lukin, 15.15ean Bengo, 16.00etan Sua, 17.00etan Luna Ki, 18.15ean Dupla, 19.15ean Motxila 21, 20.30ean Ezpalak, 22.00etan Lildami eta 23.30ean DJ Adrianna Gaultier.

Sarrerak eta autobus zerbitzuak

Jaialdira joateko antolatzaileek autobus zerbitzua jarriko dute martxan Iruñea, Donostia, Gasteiz, Irun, Altsasu, Lizarra, Tafalla, Eibar, Zarautz, Baiona, Biarritz, Hendaia, Errenteria, Azpeitia, Tolosa, Beasain, Arrasate, Durango, Gernika eta Zornotzatik. Itzulera jaialdia amaitu eta 30 minutura izango da. Antolatutako bidaiei buruzko informazio guztia hemen aurki daiteke.

Sarrerako eskuratzeko, hemen.

Zabaldu: