Andrea Canepa artistaren erakusketak irudimen-ariketa bat proposatzen du eta mezuak begiekin irakurri beharrean, usaimenaren, ukimenaren eta larruazalaren bidez irakurtzeko aukera ematen du.
Inguruan idatzita dagoena irakurtzen ikasteko nahia du abiapuntu Andrea Canepa artistaren (Lima, 1980) Inurri bideak erakusketa berriak. Espazioa ez da hitzekin mintzatzen, baina markak, aztarnak eta arrastoak dauzka. Tabakalerako ‘Situ-akzioak’ proiektuko proposamen honek “pertzepzioa eta arreta fintzera gonbidatzen gaitu, seinaleak irakurtzen ikasteko ez baitugu zertan haiek hitz bihurtu”, azaldu dute antolatzaileek.
“Inurriak arrasto kimikoen bidez orientatu eta erlazionatzen diren moduan inspiratuta, Inurri bideak erakusketak irudimen-ariketa bat proposatzen du, zentzumenetan oinarritutako beste kodetze-aukera batzuei bide emateko”, adierazi dute. Mezuak begiekin irakurri beharrean, usaimenaren, ukimenaren eta larruazalaren bidez irakurri daitezke.
Hala, gurutzatu eta bitan banatzen diren bideen labirinto bat hartzen du erakusketa-aretoak. “Ibilbide bakoitzak materialtasun eta testura propioak dauzka, eta norabideak, topaguneak edo desbideratzeak iradokitzen dituzten usain-arrasto sotilak jasotzen ditu”. Publikoak erabakiak hartuko ditu, aurrera edo atzera egiteko modu desberdinak esploratuko ditu, eta gorputz-mugimenduaren bitartez espazioa esperimentatuko du.
Atalasea zeharkatzea, makurtzea, zorua oinekin igurztea edo gelditzea hizkera komun bakarra jolasa den leku honetan esperimentatzeko bideak dira.
Horretarako, Canepak hainbat material eta elementu fisikorekin lan egin du bere instalazioetan; horien artean, oihalak eta ehunak, hariak eta zura nabarmentzen dira, baita egitura geometrikoak eta modularrak ere, barnebideak, atalaseak eta pasabideak osatzen dituztenak. Hala, elementu horiek konbinatuta, publikoak zeharkatu ahal izango duen ingurune eskultoriko eta espazial bat sortzen du artistak.
Jarduera paraleloak
Erakusketarekin batera, Tabakalerak saio dinamizatuak eskainiko ditu igandeetan, 11:00etan; parte hartzeko izena eman beharko da aldez aurretik. Era berean, eskola-taldeentzako eta beste kolektibo batzuentzako jarduera espezifikoak programatuko dira goizetan, ohiko irekiera-ordutegitik kanpo.