(argazkia: Euspot)

‘Zergatik lan egin kooperatiba batean?’ izango da aurtengo Euspot lehiaketaren gaia

Spotak maiatzaren 19an, goizeko 10:00ak baino lehen entregatu beharko dira eta publikoak bozkatu ahal izango du 2022ko maiatzaren 23tik 27ra arte.

Euspot Euskarazko Spot lehiaketaren hamaikagarren edizioa aurkeztu dute gaur, Gasteizko Euskadiko Kooperatiben Goren-kontseiluaren eraikinean. Bertan azaldutakoaren arabera, aurten sortzen diren spotek gazteak animatu behar dituzte kooperatibismora gerturatzen eta kooperatibismoa balioan jartzea izan behar dute helburu”. Hala, honako galdera motei erantzuten saiatu beharko dira parte-hartzaileak 30 segundoko ikus-entzunezko batean: Zerk bereiztu du kooperatiba bat eta kooperatiba ez den enpresa bat? Zergatik nahi duzu kooperatiba bat sortu edo kooperatiba batean lan egin? Zer eskaintzen digu proiektu kooperatibo batek bestelako ereduekin alderatuta?.

Pieza edozein formatutan grabatu ahal izango da: horizontalean ala bertikalean. Edizioa eta post-produkzioa ere nahi diren programekin egin ahal izango dira. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, lanek euskarazko lokuzioa izan beharko dute eta Creative Commons lizentziapean aurkeztu beharko dira. Musika erabiltzekotan, lizentzia librekoa izan beharko da, spotentzat propio sortutakoa edo www. audionetwork.com-ek lehiaketarako jarritako bildumatik hartutakoa. Gainera, ikus-entzunezkoan adin txikikoak agertzen badira, nagusien sarien kasuan, egileak bermatu beharko du adin txikikoen guraso edo tutoreen baimena dutela sinatutako baimen batekin.

Spotak 2022ko maiatzaren 19an, goizeko 10:00ak baino lehen entregatu beharko dira eta publikoak bozkatu ahal izango du 2022ko maiatzaren 23tik (eguerdiko 12:00etatik) 27ra arte (eguerdiko 12:00ak).

Ekainaren 2an, berriz, sari banaketa ekitaldia Aretxabaletako Arkupe kultur etxean egingo da, 19:00etan.

Oinarriak, hemen.

Zabaldu: