Bilboko jaialdiak Chouren lanari buruzko atzera begirakoa antolatu du, zuzendariaren filmografia ezagutzeko. Queer zinemaren aitzindari honek ekainaren 23an jasoko du saria Arriaga Antzokian.
Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak DAMAk babestutako edizio honetako Ohorezko Saria Zero Chou zinegile taiwandarrarentzat izango dela jakinarazi du gaur. Queer zinemaren aitzindari honek ekainaren 23an jasoko du saria Arriaga Antzokian egingo den 22. edizioaren irekiera ekitaldian. Gainera, zinegile asiarraren filmografiari buruzko atzera begirakoa izango da, Taiwango Kultura Ministerioarekin lankidetzan.
Alaitz Arenzana Zinegoakeko zuzendariak azpimarratu duenez, “ohore bat da jaialdiarentzat gure 2025eko ohorezko saria Zero Chouri ematea, Taiwango zinema garaikidean eragin eta konpromiso handienetakoa duen zinemagileari, bere ausardia, talentua eta mugak gainditu, estereotipoak hautsi eta mundu bidezkoago eta inklusiboago bat sustatzen duen zinema sortzeko dedikazio nekaezina aitortuz. Bere lana gizartea eraldatzeko tresna indartsua da, eta gure asmo sakonenen ispilu izan daitekeela erakusten duen adibide garbia”.
Zero Chou, jatorriz Keelungekoa (Taiwan), filosofian graduatua da Chengchiko Unibertsitate Nazionalean, eta kazetaritzatik hasi eta ikus-entzunezkoen zuzendaritzara arteko karrera egin du. Laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdetik aurrera, bere film laburretan bere lanik esanguratsuenen muina izango ziren gaiak aztertu ditu: identitatea, maitasuna, justizia soziala eta queer eskubideak.
Antolakuntzak adierazi duenez, “bere zinema moldeak eta generoak apurtzeko duen gaitasunagatik bereizten da, istorio errealistak eta intimoak drama historikoekin, thrillerrekin eta melodramekin konbinatuz, betiere estetika bizi eta zainduarekin. Chouren lana, bisualki txundigarria izateaz gain, queer esperientzien irudikapenarekin ere oso konprometituta dago, batez ere euren testuinguruan, non gai horiek oraindik ere erresistentzia eta kontserbadurismoari aurre egiten dioten”.
Tongzhi trilogiak — Splendid Float (2004), Golden Horse filmean taiwandar film onenaren saria irabazi zuena, Spider Lilies (2007), Berlingo Teddy Award saria jaso zuena, eta Drifting Flowers (2008), 2009ko Zinegoaken Lesbianismoa eta Generoa Saria — berebiziko garrantzia izan du Asiako LGBTQ+ istorioak ikusarazteko. Film hauek maitasun-harremanetatik eta identitateetatik gizarte-borroketaraino heltzen dira, mugak gainditzen dituen irudikapen- eta enpatia-espazio bat sortuz. Horiek guztiak zuzendariari eskainitako atzera begirakoaren parte izango dira eta Bilbon ikusi ahal izango dira.
Chouk telebistan, Gloomy Salad Days eta Because of You telesailetan eta Project Rainbow in Six Asian Cities bezalako nazioarteko proiektuetan ere lan egin du, non publiko global batengana queer esperientziak hurbiltzen jarraitzen duen. “Bere ikuspegi artistikoak ametsen esplorazioa eta errealitatea uztartzen ditu, eta espazio magiko eta batzuetan ilusiozkoak sortzen ditu, erretratatzen dituen bizitzaren edertasuna eta halabeharra islatzen dutenak”.
Arenzanaren iritziz, “Zero Chou ahots ausarta izan da eta bada berdintasunaren eta LGBTIQ+ eskubideen aldeko borrokan zinemaren eta telebistaren industrian, tradizionalki kontserbadorea izan den sektorean. Berak adierazi du bere helburua dela etorkizunean LGTBIQ+ etiketa beharrezkoa izateari uztea, berdintasunak eta justizia sozialak unibertsalak izan behar dutelako”.
Arenzanak gaineratu duenez, “Bere lanak Taiwango zinema aberasteaz gain, mundu osoko zinemagile eta aktibisten belaunaldiak inspiratu ditu. Bere narratibaren indarrak, konpromiso sozialak eta berrikuntza formalak Zero Chou funtsezko figura bihurtzen dute zinema garaikidea eta giza eskubideen aldeko borroka ulertzeko”.
Atzera begirakoa
Ekainaren 22an Chouren atzera begirakoaren lehen emanaldia izango da, Spider Lilies filmarekin. 18:30ean Bilborocken, Irantzu Varela kazetariarekin solasaldi batean parte hartuko du. Azkenik, ekainaren 24an eta 25ean, 19:30ean, Golem zinemetan, Drifting Flowers eta Splendid Float proiektatuko dira.
Zinegoakek ekainaren 10ean aurkeztuko du 22. edizioaren programazio osoa.