(argazkia: Ibon Aranberri. 'Gaur Egun (This is CNN)', 2002)

Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian erakusketa Artium museoan

Erakusketak 1977. eta 2002. urteen arteko praktika artistikoak aztertuko ditu.

Artium museoko bildumaren funtsak ditu ardatz Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian izeneko erakusketak, eta euskal testuinguruan garatutako praktika artistiko eta kulturalei buruzko gogoeta zabala egiten du. 1977. urtea hartu dute abiapuntu erakusketa honetarako, “gertaera politiko, sozial eta kultural handien garaiaren hasiera”. Eta 2002. urtearekin amaitzen da, hain zuzen ere, Gasteizko museoa ireki zen urtearekin.

Jardun artistikoak, kultura-adierazpenak eta prozesu historikoak lotuz, erakusketak, besteak beste, honako gai hauek jorratzen ditu: “aldi horretan gertatutako instituzionalizazio-prozesuak, artisten parte-hartzea kultura-politiken eraketan, jardun artistikoen eta gizarte-mugimenduen arteko gurutzaketak, kontzientzia feminista sortzea edo XX. mendearen amaieran tokikoaren eta globalaren artean izandako tentsioak”.

Azaldu dutenez, erakusketa “narratiba ireki, integratzaile eta etengabe eraikitzen ari den modu batean planteatu da”. Ehun artelan, dokumentu eta artxibo-material baino gehiago biltzen ditu Museoko aretoetan, eta ibilbide bat egiten du proiektuak hartzen duen mende-laurdenean sortutako adierazpen-aniztasunean barrena. Bertan, Izen handiko artisten lanak ere badaude ikusgai: Eduardo Txillidarenak, Jorge Oteizarenak, Nestor Basterretxearenak, Agustin Ibarrolarenak, Esther Ferrerrenak, Itziar Okarizenak, Cristina Iglesiasenak eta Miren Arenzanarenak, besteak beste

Gasteizko Artium Museoan paratu duten erakusketa 2021eko urtarrilaren 3ra arte bisitatu ahal izango da.

Zabaldu: