‘Zerukotik lurrekora’ zikloa antolatu du Argiak

Argazkia: Dani Blanco, argia.eus-en bidez

Ehun urte dira Argia aldizkariak bere lehenengo alea kaleratu zuenetik, 1919an izan zen hori Zeruko Argia izenpean. Mende oso bateko ibilbidea ospatzeko asmoz, Zerukotik lurrekora ziklo berezia antolatu dute maiatzaren 21etik 28ra bitartean.

Jardunaldiak Donostiako San Telmo Museoan aurkeztu dituzte eta bertan egongo dira ikusgai duela ehun urteko aldizkariaren aurreneko zenbakiak, Jendartean bizi ataleko Euskal kulturaren gunean, hain zuzen ere. Horrekin batera, 100 urteko soka-dantza dokumentala ikusteko aukera ere egongo da maiatzaren 15etik 31ra dago.

Emanaldi guztiak ere Donostiako museoan izango dira arratsaldeko 19:00etan.

Zikloa hilaren 21ean hasiko da Mendearen umeek munduari desafio hitzaldiarekin, Koldo Izagirre idazlearen eskutik.

Hurrengo egunean, Antton Olariaga eta Joseba Larratxeren txanda izango da 100 urte, ehunka irudi hitzaldiarekin.

Maiatzaren 24an berriz, Joxemari Ostolazak, Josu Landak eta Malores Etxeberriak hartuko dute parte Enpeinatzea ez bada libre… poesia eta kantuen errezitala taularatzen.

Elixabete Garmendia kazetariak emango dio amaiera zikloari, maiatzaren 28an.

Argiako kazetari Estitxu Eizagirrek adierazi duenez, lantaldea “oso gogobeteta eta eskertuta dago osatu den kartel indartsu honekin, emanaldia eskainiko duten kide denak baitira euskarazko komunikazioan hankak urratutakoak, iraganera bezala etorkizunera zorrotz begiratzen dutenak, aurrera ateratzeko jarrerarekin”.

Zabaldu: