Helburua da tailerren eta hitzaldien bitartez, sormen-talentua ezagutzera ematea.
Ate joka dugu Zestafesta jaialdiaren hirugarren edizioa, martxoaren 21ean izango da Hondarribian eta egun osoko egitarau oparoa prestatu dute antolatzaileek: goizean tailer bat Maddalen Arte Gunean, arratsaldean hainbat hitzaldi Itsas-Etxean, DJ batekin lagundutako Topa unea, eta bi astez ikusgai egongo den ADG Laus Diseinu Sarien erakusketa (2025).
Antolatzaileek azaldu dutenez, “Zestafestaren helburua sormen-sektoreko pertsonentzako topaketa bat sortzea da, plazer bisualaz gozatzeko eta hain online den mundu honetan gure aurpegia jartzeko. Sektoreko profesionalei, diseinuari, ilustrazioari, arte-zuzendaritzari, komunikazioari… zuzenduta dago, bai eta ikusizko munduarekin interesa duten pertsonei ere. Puri-purian dauden gaiak jorratuko ditugu, hala nola iraunkortasuna, adimen artifiziala, ekintzailetza, giza eskubideak… gure mundua nola diseinatu nahi dugun birplanteatzen digutenak”.
Egitaraua
Jaialdia Nuria Vilarek gidatutako Bigarren bizitza bat. Diseinu zirkularra esperimentatzen tailerrarekin abiatuko da goizean. Honetan, “hondakinetatik datozen materialekin lan egingo dugu eta nola diseinatzen dugun birpentsatuko dugu, diseinua ere aldaketarako tresna izan baitaiteke”.
16:30ean, berriz, hitzaldien txanda izango da. Lehena Teta y teta irabazi asmorik gabeko elkartearen eskutik, “emakumeen inguruko begirada sormenez kolpatuz eraldatzeko helburuarekin”. Horrez gain, Relaja el coco bertan izango da, diseinu sortzaileko estudio polifazetikoa, non branding, infografia edo editorial-proiektu bakoitzak bere berezitasuna duen. Fuego camina conmigo ere bertan izango da, markak eta pertsonak konektatzeko modu berriak bilatzen lan egiten duen agentzia sortzailea.
Jardunaldia ixteko, Topa! Egingo dute Ttopara Cafen, 19:30etik 21:30era; pintxopotea eskainiko da DJ SantaClau-rekin batera.
Bestalde, ADG Laus Diseinu Sarien erakusketa berezia antolatu dute. Zestafestaren helburu nagusia islatzen du erakusketa honek: “diseinuak merezi duen balioa ematea euskal hiztunen lurraldean”. Hala, esposizioak aurreko urtean saritutako diseinu-proiektuak biltzen ditu, eta, horrela, gaur egungo diseinuaren argazki koral bat sortzen du. Martxoaren 12tik martxoaren 25era egongo da ikusgai Itsas Etxea Auditoriuman.
Sarrera doakoak izango dira eta www.zestafesta.com webgunean daude eskuragarri.