Albistea: Danbolin. eus aldizkariaren bidez
Ekaina iritsi da eta horrekin batera, bueltan da Eromen Antzerki Taldeak urtero antolatzen duen Zestoako Antzerki Astea. Ekainaren 24tik 29ra bitartean hainbat antzezlan eta ekintzaz gozatzeko aukera izango da herrian.
Guztira, lau obra izango dira ikusgai. Haurren antzerkiarekin emango diote hasiera asteari. “Bi ni” obra antzeztuko dute txikienek, hilaren 24an, arratsaldeko 19:00etan hasita, Kultur Etxeko areto nagusian.
Egun berean, Amancay Gaztañaga Eromeneko zuzendariak sortutako Florida kale-antzerkia izango da ikusgai Lili Jauregi inguruan, iluntzeko 22:30ean. Eromen taldeak egingo duen lehen kale-antzerkia izango da eta herriko hainbat musikariren doinuek lagunduko dute obra.
Ekainaren 27 eta 28an, berriz, Orlac-en eskuak antzezlana eskainiko dute Kultur Areto nagusian. Ainhoa Odriozola arduratu da testua idazteaz eta Amancay Gaztañagak zuzendu du obra. Asteari amaiera biribila emateko, Ander Lipus antzerkigilearen Zazpi senideko antzezlana antzeztuko dute Kultur Etxeko aretoan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.
Sarrerak, ostiralean salgai
Ostiral honetan jarriko dituzte sarrerak salgai. Eromen taldekoak Erdi kalean izango dira ostiralean eta datorren asteartetik aurrera, Zestoako Turismo Bulegoan eskuratu ahal izango dira. Antzezlan bakoitzerako sarrerez gain, obra guztiak ikusteko bonoa ere osatu dute, 18 euroren truke.
Bi ekintza berri
Aurtengo antzerki astearen baitan bi ekintza berri antolatu ditu Eromen taldeak. Batetik, “Herri antzerkia, norentzat eta zertarako? Kultur-mahaiaren garrantzia” mahai-ingurua egingo dute ekainaren 27an. Bertan, inguruko herrietako adituek hartuko dute parte. Saioa arratsaldeko 18:30ean hasiko da Jubilatuen Elkartean. Gerturatzen diren herritarrek beraien galderak egiteko aukera ere izango dute.
Bestetik, herritarrentzat antzerki ikastaro irekia antolatu dute ekainaren 29rako. Antzerki talde bateko partaideen egunerokotasuna ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Gaztañaga bera arduratuko da saioa gidatzeaz eta adin guztietako herritarrei zuzenduta dago ikastaroa. Parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena 636906737 (Goizane) telefonoan.