Eleberriak gizarte distopiko bat deskribatzen du, “gure gizarteko muturreko karikatura bat da eta aldi berean pertsonaiaren barne mundua eta nola aurre egiten dion halako muturreko egoera bati”.
Margaret Atwooden Neskamearen ipuina izeneko eleberria euskaratu du Zigor Garrok. Lehenengo aldia da idazle kanadarraren lan bat euskarara ekartzen dela eta Garrorentzat “ohore” bat izan da, “idazle handia da eta gure hizkuntza txikira itzultzearen abantaila bakarrenetako bat da horrelako liburu klasiko ederrak itzuli daitezkeela”, adierazi du itzultzaileak Bizkaia Irratian egin dioten elkarrizketan.
Era berean, Neskamearen ipuina itzultzea oso lan polita izan dela aitortu du. Aurretik hainbat eleberri, narrazio eta saiakera itzuli izan ditu Garrok, “beti hautatzen ditut maitemintzen nauten liburuak, ez dut behartuta egiten”. Itzultzaileari asko gustatu zitzaion Atwooden eleberri hau eta adierazi duenez, “plazer handia” izan da liburua euskaratzea. Hala ere, ingelesetik euskarara itzultzea ez dela lan erreza izan aitortu du, “zailtasun eta traba ugarirekin egin dut topo”.
Kalitate literarioaz gain, Garrok liburua euskaratzeko beste arrazoi bat ere egon da, “liburua 1986an idatzita dago, baina izugarrizko gaurkotasuna duela iruditu zitzaidan, azken batean, tirania patriarkal bat etorkizun distopiko batean deskribatzen du eta tirania patriarkal hori gaur egun bizi dugun patriarkatuaren karikatura bat dela iruditzen zait. Karikatura hori erakutsiz, Atwoodek oso agerian uzten ditu gaur egun bizi dugun, eta, batez ere, emakumeek bizi dituzten zapalkuntza mekanismo ugari. Harrigarria da literatura distopikoak gizarte honen gaitzak erakusketako duen izugarrizko dohaina”.
Eleberriak 80ko hamarkadako Estatu Batuak erakusten du. Garai hartako gizartean puritanismoak indarra hartzen du eta estatu kolpe baten ostean, diktadura puritano bat ezartzen da. “Diktadura horrek seme-alabak eduki ditzaketen emakumeak makurrarazten ditu eta erregimenaren buruen zerbitzura jartzen ditu haurrak sortzeko”. June (Freden) da eleberri honetako protagonista, emakume arrunt bat da, “halako batean, bere burua ikusten du etxe batean kartzelaratua eta erregimenaren komandante bati haur bat eskaintzeko egin beharrarekin. Aldiro, erritual erlijioso baten laguntzarekin, komandanteak bortxatu egiten du protagonista, emaztea presente dagoela”, azaldu du Garrok.
Eleberriak gizarte distopiko hori deskribatzen du, “gure gizarteko muturreko karikatura bat da eta aldi berean pertsonaiaren barne mundua eta nola aurre egiten dion halako muturreko egoera bati”.