Jone batzuetan, Karmele, Akelarre, Uxinak, Faisaien irla edota Enara filmak proiektatuko dituzte, besteak beste.
Ipar Euskal Herrian euskal zinemaren erakusleihoa izateko helburuarekin, udazken honetan ere Hazparneko Zinegin festibala antolatu dute Eihartzea kultur etxeak, Haritz Barne zinema-gelak eta Ttattola gaztetxeak elkarlanean. Jaialdiaren hamalaugarren edizioa hilaren 20tik 23ra egingo da eta estreinatu berri diren euskal filmak proiektatuko dituzte “euskal kulturak bizitzeko behar duen hats gune bat izateko asmoz”.
Antolatzaileek adierazi dutenez, “aurten bildu dugun nektareak badu gustua eta airean dantzatzeko gogoa ere eman digu”. Ondorioz, “pantailan nahiz zuzenean, hainbat kantu eta musikaren oihartzunak ozen entzunaraziko dizkizuegu. Aitzindarienak, Lourdes Iriondo kantariarena, eta Akelarre eta Enarak taldeena”.
Garaikideenak, berriz, Ttattola gaztetxean izango dira larunbat gauean antolatu duten emanaldi berezia.
Antolakuntzak nabarmendu duenez, “zinemaldi honek, hasieratik, zinetik eta zineaz ikasteko eta trukatzeko gunea izan nahi du”. Hala, aurten, irudien sortzearekin interesa duten handi eta ttipiek bi zine-tailerretan parte hartzeko aukera izango dute, larunbat eta igande goizez. “Harro gara, Euskal Herriko euskarazko bi zinemaldietatik bat izanez, adin guzietako publikoari lau egunez euskarazko ikus-entzunezkoak eta giroa proposatzeaz. Harro programazioa askotarikoa izan dadin, euskal filmek azaltzen dituzten gaien aniztasunari eta gaurkotasunari dagokionez, lehenik. Harro emazte zuzendariak ikusgarri egiteaz (Itziar Leemans, Sara Fantova, Lucia Ezker Recalde, Inge Mendioroz Ibañez), tokiko jendeek sortzen dituzten film xumeak erakutsi ahal izateaz, film aipatuenez gain”.
Berritasun gisa, larunbat eta igandez haurtzaindegi bat izango da zinemaren ondoan, “gurasoak pantailaren aitzinean izanen diren bitartean, haurrak euskaraz jokoan egoteko gisan!”.
Euskarazko azpidatziak
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, “euskarazko filmak ulertzea ez omen da hain erreza. Hori jakinda, urtero ahal bezainbat filmen euskarazko azpidatziak gehitzeko ahaleginak egiten ditugu, euskara maila ez dadin traba bat izan eta euskal azentu ugarien koloreez hobeki gozatzeko. Bestalde, usaian bezala, zuzendariekin solasteko parada izanen da, Haritz Barne zinegelako ttotto erosoetan jarririk edo zinemaren atariko gelan egonen den eguneroko ostatuan elkartuz, tripa jan-edan goxoz betetzeko denboran”.
Egitaraua osorik ikusteko, hemen.