Jaialdia baldintza onetan egin ahal izateko dirua biltzeko kanpaina abiatu dute.
Zinegin Festibala azaroaren 25etik 28ra egingo da Hazparnen: “aurten, bereziki, fikzio anitz ikusi ahal izango da eta animazio desberdinak proposatuko ditugu: zine-kontzertuak, dantza poteo bat eta zine-filo tailer bat. Sua pizteko beldurrez, hozten gira maiz esaten zuen Ttattolako murru batek. Zatozte Zinegin festibalera berotzera!”, aurreratu du antolakuntzak.
Festibala Josu Martinez zinemagilearen Subandila film laburraren emanaldiarekin abiatuko da. Horretaz gain, Non dago Mikel? eta Jantzari dokumentalak eta Erlauntza eta Agur Etxebeste! filmak, besteak beste, proiektatuko dituztela jakinarazu dute.
Zailtasun ekonomikoak
Zinegin festibalaren hamargarren edizioa antolatzeko zailtasun ekonomikoak izan dituela nabarmendu du antolauntzak. Orain arte, neurri handi batean diru publikoari esker egin du aurrera zinemaldiak, baina erakundeetako batzuk gehiago ez laguntzea erabaki dute eta horrek kolokan jarri du festibalaren etorkizuna. Horretarako, kanpaina bat jarri dute martxan, izan ere, aurreko edizioa zuloarekin bukatu zen eta aurten ere antzeko egoeraren aurrean daudela diote.
Festibala antolatzeko 12.000 euro behar dituzte eta horretarako enpresengana eta jendearengana jo dute, erantzuna baikorra izan dela aitortu dute. Festibalaren burujabetasuna ziurtatzeko hilabetero euro bat emateko kanpaina abiatu dute.
2012an, Eihartzea Kultur Etxeak, Ttattola gaztetxeak eta Haritz Barne zinegelak Zinegin festibala sortu zuten elkarlanean, “euskarazko filmak proiektatu eta euskal kulturak bizitzeko behar zuen gune bat izateko asmoz”.
Hamar urte hauetan euskal zinemagintzaren egoera aldatu dela diote antolatzaileek. Kazeta komunikabideak azaldu duenez, “garai hartan, Lapurdiko festibala hutsune bat betetzeko xedearekin sortu zuten, zinemagintzaren ekoizpen eta difusio eskasaren zuloa tapatzeko nahikeriarekin. Gaur egun, ordea, paisaia ez da bera. Urte hauetan, Kanaldude edo Gastibeltza zinema banatzaileak egindako lana ohoratu du Zinegin elkarteko kideak. Gaur egun, zorionez, euskal zinema osasuntsu izateaz gain, eskuragarriagoa da. Egoera aldatuta, Zinegin antolatzen duen elkartea gogoeta sakonean dabil ekimen kulturalak berak gaur egun zer funtzio bete dezakeen jakiteko”.