(argazkia: Zinegoak)

Zinegoak jaialdia: ‘hamaika modu izateko, sentitzeko, maitatzeko eta bizitzeko’

Programazioan leku berezia izango dute hainbat gaik, besteak beste, LGTBI+ pertsonek pairatzen duten indarkeriak eta suizidioen ikusgarritasunak.

Bilboko Gaylesbitrans 17. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren aurtengo programazioa aurkeztu dute Pau Guillen zuzendariak eta Julen Nafarrate komunikazio arduradunak.

Zinegoak otsailaren 24tik martxoaren 8ra arte izango da aurten, eta bere programazioan islatuko du aurtengo leloa: hamaika modu izateko, sentitzeko, maitatzeko eta bizitzeko. Sexu-orientazioaz harago, jaialdiak lehenengo planoan egon ohi ez diren sexu-aniztasunaren elementuei ikusgarritasuna eman nahi izan dio, genero identitate eta adierazpena kasu: “Gizarteak sexu-aniztasuna naturaltasunez bizitzen ez duen bitartean, beti egongo da arriskua bazterketa, estigmatizazioa edo ikusezintasuna pairatzeko”.

Jaialdia otsailaren 24an hasiko da Arriaga Antzokian ospatuko den Inaugurazio Ekitaldiarekin. Bertan, Pepa San Martin zuzendari txiletarrak Ohorezko Saria jasoko du eta Mi pequeño gran samurai film laburraren erabateko estreinaldia izango da. Lan horretan, Ekai Lersundi trans gaztearen bizitza jasotzen da, 2018. urtean Ondarroan bere buruaz beste egin ostean.

Lehenengo aste horretan, jaialdiaren pelikula guztiak proiektatuko dira, hiru egoitza nagusietan: Golem Alhondiga, Bilborock eta BilboArte Fundazioko ArtHouse Zinema. Hirugarren espazio honetan programazio osoaren “zertzelada” bat izango da, eta, horrez gain, Barbara Hammer zinegile aitzindariaren omenezko ziklo bat antolatuko da, doako sarrerarekin, lekuak bete arte.

  1. edizio honetako Sail Ofizialean 22 film luze aurkeztuko dira denetara, hiru kategoria ezberdinetan: FIK, DOK eta KRAK. Hainbat zuzendari Bilbora gerturatuko dira euren pelikulak aurkeztera.

FIK kategorian nazioarteko jaialdietatik helduko dira fikziozko film luzeak. Bertan batu diren lan guztiek interes eta kalitate zinematografiko handia izango dutela aurreratu dute antolatzaileek. Horren adibide da Port Authority, Danielle Lessovitz zinegilearen opera prima. Martin Scorseseren ekoizpena duen lan hau Canneseko Jaialditik helduko da, eta transfobia soziala lantzen du mutil cis eta neska trans biren arteko harreman heterosexualaren bidez. Marko Škop eslovakiarrak zuzendutako Let there be light (Nech je svetlo) pelikulan, Europa erdialdean homofobiak eta sexu-aniztasunaren kontrako presio sozialak zer nolako hazkundea izan duen kontatzen da. Film honek Karlovy Varyn parte hartu du eta suizidioaren gaia du ardatz. Gai hau ere Rodrigo Bellot boliviarraren Tu me manques lanaren protagonista da. Pelikula honen nazioarteko estreinaldia izango da, eta bertan, errealitatean gertatutako kasu bat kontatzen da. Lan honen oinarrian Bolivian sortutako antzezlan bat dago, eta LGTBI+ komunitatearen ikusgarritasunean iraultza handia sortu zuen. Aktoreen artean nabarmentzekoa da Oscar Martinez aktore argentinar ezaguna eta Rossy de Palma aktorea.

DOK sailean, hau da, film luze dokumentalen kasuan, trans errealitateek hartuko dute protagonismoa. Ian W. Thomson australiarraren Becoming Colleen pelikulan, zahartzaroko trantsizio-prozesuak aztertzen dira, LGTBI+ nagusien arretarako zentroen faltarekin lotuz. Enrico Masiren Shelter-Farewell to Eden lanean, trans pertsona batek Europako mugen artean aterpe bila egiten duen bidaiaren kronika da. Marwa Zein zuzendariaren Khartoum Offside lanean, berriz, emakumeek Sudanen zer nolako trabak eta mugak bizi dituzten ezagutuko dugu.

KRAK sailean, beste urte batez, proposamen narratibo ausartak eta berritzaileak izango ditugula nabarmendu dute, genero, lengoaia eta estetikak nahastuko direlako. Hainbat lan poetiko eta bisual izango dira, adibidez, Lemohang Jeremiah Mosese zuzendariaren Mother I am suffocating. This is my last film about you, Sundance jaialdian saritu berria. Bogdan Theodor Olteanu zuzendariaren Câteva conversaţii despre o fată foarte înaltă lanean, harreman lesbikoei ikusgarritasuna ematen zaie Errumanian. Azkenik, Cannesko zinema jaialdian Urrezko Palma irabazi zuen Lluis Miñarro zuzendari eta ekoizleak Love me not pelikula aurkeztuko du Zinegoak jaialdiak.

Zinegoak-en film laburren hautaketa zabala izango dugu aurten ere: guztira 45 izango dira, Nazioarteko hainbat herrialdetatik jasotakoak, eta hainbat gairi buruz. Beste urte batez, Emakumeak eta Haurtzaroa eta Nerabezaroa zikloak izango ditugu, baina film laburren zikloen kasuan, berritasun nagusi bi izango ditugu: alde batetik Indarkeria patriarkalak, patriarkatuak hainbat arlotan bultzatzen duen bortizkerien inguruan; eta, bestetik, Gorputz errebeldeak, gorputzek har ditzaketen hamaika forma eta identitateen ingurukoak.

Horrez gain, Euskal Herrian sortutako 13 lan izango ditugu; bederatzi film labur (bi sail ofizialean eta gainontzekoak Erroak: euskal panorama sailean), film luze dokumental bat sail ofizialean (Iban del Camporen Glittering Misfits) eta hiru lan eszeniko, tartean, Lurrun Minez antzezlanaren aurre-estreinaldia, La Fundición eta Loraldiaren lankidetzarekin.

Zinegoak, gainera, berritasunez josita helduko da. Aurten goizeko 12:00etan izango diren Bilgune Vermut saioak izango dira, Bilborocken. ZG/PRO jardunaldiak ere izango dira, masterclass saioekin eta Europa hegoaldeko LGTBI+ jaialdien arteko topaketarekin (Paris, Lisboa, Tesalonika eta Milanetik etorriko dira). Azkenik, Zinegoak Sari Nagusia ere egongo da lehenengo aldiz, FIK, DOK eta KRAK sail ofizialen eta publikoaren iritziaren artean adostuta.

Behin jaialdia Bilbon amaituta, Zinegoak herriz herri ibiliko da Euskal Herrian zehar. Aurten aurreko urteetako markak hautsi eta 60 udalerri baino gehiagotara helduko da, 70 proiekziorekin. Hazkundea batik bat Araban egongo da. Urtero bezala, beraz, herri txikiek aukera izango dute ohiko zinema zirkuitoetan egon ez diren pelikulez gozatzeko.

Zabaldu: