Zinegoak jaialdia otsailaren 18tik martxoaren 3ra bitartean egingo dute Bilbon

Otsailaren bigarren hamabostaldian gertatu ohi den bezala, sexu, identitate eta genero aniztasuna jorratzen duen zinea maite dutenek ezinbesteko hitzordua izango dute Bilbon, Zinegoak jaialdiaren eskutik. Hurrengo edizioak jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa ekarriko du gainera, bai jarduerei, bai lantaldeari eta bai Zinegoak Elkarteak jasotzen dituen babesei dagokionez.

Bi hilabeteren faltan, 16. edizioko egitarauaren prestaketan bete-betean daude sartuta antolatzaileak. “Aurten, zinea ikuskatzen duten lantaldea handitu egingo da, bederatzi kide izango ditu. Asmoa erosoago lan egitea eta materiala banatzea da, gero eta lan gehiago jasotzen baititugu. Aurten bostehun lan inguru heldu dira, film laburrak, film luzeak (fikzioa eta dokumentala) eta proposamen eszenikoak zenbatuta”, azaldu du jaialdiko zuzendari Pau Guillenek.

Gorakada hori gero eta sendoagoak direla, bi sail hauetan nabarituko da batez ere: Arte Eszenikoak, bertan, aurreikuspenen arabera, sei ikuskizun egongo dira, eta OFF – Narratiba Berriak saila, guztietatik abangoardistena. Horrenbeste aldaketa egin arren, emanaldien egitura bere horretan geratuko da. Hau da, lehenengo astean fikzioa jasoko da, Bilborock aretoan, Golem zinematan eta Bilbao Arte fundazioaren ArtHouse Zinema aretoan. Eta bigarren astean, aldiz, dokumentalak eta bigarren emanaldiak −Bilborock aretoan nagusiki− eta bestelako jarduera osagarriak bilduko dira.

Bi aste ofizial horiez gain, beste bi jarduera aipatu behar dira: alde batetik, hasiera ofiziala baino lehenagoko 3,2,1…Zinegoak!, beste erakunde, kolektibo eta elkarterekin batera antolatzen den jarduera sorta da honakoa eta otsailaren 14an abiatuko da Guggenheim Bilbao Museoan egingo den emanaldi bereziarekin. Bestetik, jaialdiaren ondorengo asteetan Berdindu-ren laguntzarekin egiten den Zinegoak Hedapena dugu. Badirudi aurten herri gehiagok hartuko dutela parte, beraz, Euskal Herriko berrogei udalerri baino gehiagotara bidaiatuko dute jaialdiko lanek.

Zabaldu: