(argazkia: Zinegoak)

Zinegoak jaialdiak aurrez aurreko egitarauari eutsiko dio, baina leiho digitala ere irekiko du

Jaialdiak gaurkotasun handiko gaiak landuko ditu edizio honetan: identitatearen eraikuntza, amatasun lesbikoak, talde-zaintza eta abar.

Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiak 18. edizioa aurkeztu du gaur, Bilborocken antolatutako prentsaurrekoan. Aurten Zinegoak martxoaren 1etik 14ra egingo da eta osasun-krisiak jaialdia baldintzatu duen arren, Zinegoak jaialdiak aurrez aurreko programazioaren aldeko apustua egin du, Filmin plataforman leiho digitala irekitzen duen bitartean. “Beste urte batez, beraz, Bilbon kulturaz, zinemaz eta aniztasunaz gozatu ahal izango dugu”, azaldu du antolakuntzak.

Edizio honetako leloa Zalantza izpirik gabe izango da, eta horrek lotura zuzena du Zinegoakeko kartelarekin eta aurtengo helburuarekin: “Aurtengo edizioan, beren identitatea, nortasuna eta etorkizuna duela gutxira arte kontzeptu edo ideia hutsak ziren tresnekin eraikitzen ari direnengan jarri dugu begirada. Beren ikuspegia sexu-aniztasunerantz, askotariko orientazioetarantz, genero-identitatearen eraikuntzarantz edo sexualitatearekin loturiko beste edozein elementurantz modu natural batean zabaldu dutenengan”.

Beste urte batez, Zinegoakek hiru sail ofizial izango ditu bere programazioan: FIK (fikzioa), DOK (dokumentalak) eta KRAK (narratiba berriak). Hiru sail ofizialetako 18 film luze horiek Golem Alhondigan proiektatuko dira martxoaren 1etik 7ra bitartean, eta bertan gaurkotasun handiko gaiak izango dira: “belaunaldi berrietan oso presente dagoen eraikuntza identitarioak, amatasun lesbikoak, talde-zaintzak eta abar”. Film horietatik bederatzi opera primak dira, bederatzitan eduki lesbikoa lantzen da (batez ere FIK sailean) eta gehienetan zuzendariak emakumeak dira.

Martxoaren 5etik aurrera, sail ofizialeko film guztien lehenengo proiekzioa eta gero, Filminen leiho birtuala irekiko da. Horrela, plataforma beste egoitza bat izango da eta bertan jaialdiko film luze guztiak ikusi ahal izango dira. Data horretatik aurrera, egunero hiru film berri estreinatuko dira (egunero bana sail bakoitzeko) eta gehienez 72 ordu egongo dira ikusgai.

Film laburrei dagokienez, Zinegoakek gai ezberdinei buruzko sei ziklo ezberdin antolatu ditu, eta horiek guztiak Bilborocken egongo dira ikusgai, 18:00etan, doako sarrerarekin. Haurtzaroa-Nerabezaroa edo Emakume zuzendariak ohiko zikloekin batera, Drag life eta Erresilientziak ziklo berriak ere izango dira. Halaber, LGTBI+ Nagusiak zikloa berreskuratu da eta urtero bezala Euskal Begiradak, Euskal Herrian sortutako ekoizpenekin gozatu ahal izango da.

Horrez gain, Arriaga Antzokian hasiera ekitaldia egingo da martxoaren 1ean. Bertan Jose Antonio C. Amunarriz hondarribiarraren Red Bay film laburraren erabateko estreinaldia izango da. Ekitaldirako sarrerak otsailaren 24tik aurrera eskura daitezke antzokiaren webgunean bertan.

Gainera, Zinegoakek ere ziklo berezi bi antolatu ditu BilbaoArten. Alde batetik, Sebastien Lifshitz Zinegoak 2021 Ohorezko Saridunari buruzko atzera begirakoa; eta, bestetik, Brasil transbertsala ziklo berezia, trans pertsonek Bolsonaroren Brasilen bizi duten egoeraren ingurukoa.

Bilgune jarduera osagarriari dagokionez, jaialdiak hainbat aurkezpen berezi egingo ditu. Nola esan / izan bollera proiektuarekin lesbiana hitzarentzat euskaraz dauden berba ezberdinak ezagutuko ditugu. Horrez gain, Rio Parana taldearen T.R.A.U.M.A. podcast-aren bigarren denboraldia ere aurkeztuko da, online. Era berean, bigarren urtez ZG PRO ikus-entzunezko industriarekin lotutako topaketak antolatuko dira. Bertan hainbat proiekturen aurkezpenak izango dira, besteak beste, Izar Films eta Gehituk ekoiztutako Ni naiz naizena, trans errealitatearen inguruko hamar kapitulu dituen websaila, Aitzole Aranetaren protagonismoarekin.

 ZG Hedapenean

Beste urte batez, jaialdia Bilbon amaitzen denean, Zinegoakek ibilbidea abiatuko du Euskal Herrian zehar, herriz herri. Osasun-krisiak egoera zaildu duen arren, aurten 40 udalerri baino gehiago izango ditugu ZG Hedapenean parte hartzen, 50 proiekzio baino gehiagorekin. Gainera, udalerri batzuek lehen aldiz parte hartuko dute Hedapenean, besteak beste, Orio, Eskoriatza eta Aduna.

Gainera, lehen aldiz, Bilboko jaialdiak beste egoitza ofizial bat izango du Bilborekin batera. Zinegoak eta Euskal Zine Bileraren arteko lankidetzari esker, Lekeitio egoitza ofiziala izango da eta proiekzioak izango dira martxoaren 6tik 8ra: Valentina film luzea eta Euskal Begiradak eta Emakume zuzendariak film laburren zikloak.

3, 2, 1… Zinegoak!

Aurreko edizioetan bezala, Zinegoakek hainbat jarduera antolatu ditu jaialdiaren irekiera ofiziala baino lehen. Aurten otsailaren 26tik 28ra izango dira. Ostiralean Guggenheim Museoan Keith Haring. Street art boy dokumentala ikusi ahal izango da; larunbatean Rote Zora emakumeen talde armatu iraultzaileari buruzko dokumentala izango da ikusgai; eta azkenik igandean Petite Fille Sebastien Lifshitzen azken lana proiektatuko da. Zinegile frantsesak online bidez jasoko du Zinegoak 2021eko Ohorezko Saria.

Zabaldu: