'La nave del olvido' filmaren fotograma bat

Zinegoak jaialdiak oso positibotzat jo du aurtengo edizioa

Nicol Ruiz Benavidesek zuzendutako La nave del olvido film txiletarrak irabazi du Zinegoak Sari Nagusia.

Bilboko Zinegoak jaialdiak ezagutzera eman du aurtengo edizioko palmaresa. Nicol Ruiz Benavidesek zuzendutako La nave del olvido film txiletarrak irabazi du Zinegoak Sari Nagusia. Pau Guillen jaialdiaren zuzendariak azpimarratu duenez, aurten palmaresa oso banatuta egon da: “Nabarmentzekoa da sari gehienetan mezu positiboa, baikorra eta itxaropentsua dituzten pelikulak saritu direla”. Guillenek azpimarratu duenez, “Zinegoak jaialdiaren edizio honetan saritutako film luze guztiak emakumeek zuzendu dituzte”.

Epaimahaiak adierazi duenez, La nave del olvido filmak “gaitasun handiarekin aldarrikatzen du pertsona nagusiek duten maitatzeko eskubidea; oso begirada berezia lantzen duelako eta protagonistak interpretazio-indar handia duelako”.

Era berean, FIK sail ofizialaren barruan aipamen berezia eman diote Ray Yeungek zuzendutako Suk suk Hong Kong-eko filmari, “hauskortasun eta sentiberatasun handiarekin hunkitzea lortzen duelako”.

Dokumentalei dagokienez, DOK sailean Lia Hietalak eta Hannah Reinikainenek zuzendutako Alltid Amber (Always Amber) filma saritu dute. Epaimahaiak azpimarratu duenez, “nerabeen identitate arazoetan beharrezkoa den erretratu eraginkorra da, eta bere pertsonaia, Amber, etengabe bilatzen ari da, bere eta bere inguruaren arteko elkarrizketa osoa eta osasungarria aurkitzeko”.

DOK kategoriak ere aipamen berezia izan du Bruno Santamariaren Cosas que no hacemos filmarentzat, “bere hizkuntzaren freskotasunagatik eta erretratu hunkigarri honek onartua eta maitatua izateko nahiari buruz duen sentsibilitate sakonagatik”.

Film luzeak eta narratiba berriak eta proposamen esperimentalagoak batzen dituen KRAK sailean, nazioarteko epaimahaiak Tamar Shavgulidzeren Comets film georgiarra saritu du, “saileko proposamenik interesgarriena eta arriskutsuena delako, bai gaiaren aldetik, bai formalki. Film txiki baina zintzoa da, adineko bi emakumeren arteko maitasunari eta elkartzeari buruzkoa, eta ez da oso ohikoa istorio horiek zineman aurkitzea”.

Lesbianen hainbat elkartek osatutako Lesbianismo eta Genero epaimahaiak (1500 euro), Bilboko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak finantzatuta, La fabrique du consentement: regards lesbo-queer dokumentalari bere saria ematea erabaki du, “oso beharrezkoa den gai bati heltzeagatik, ‘baimena’-rena baina, batez ere, hau guztia kontatzeko duen moduagatik: ikuspegi eta begirada ezberdinetatik, bere edertasun eta eraikuntza estetikoagatik, batik bat paisaia eta musikaren bidez”. Aipamen berezia Deine schöne gestalt (Beautiful you) filmarentzat izan da, “bere edertasunagatik eta isiltasunak apurtzeko ausardiagatik”.

Aniztasun eta Giza Eskubideen Saria (3000 euro) Patricia Vidal Delgadoren La leyenda negra pelikulak, jaso du, “zapalkuntza desberdinei (arrazakeria, bazterketa, homofobia, klasismoa) aurre egiten dielako arlo ezberdinetatik eta zinematografia aldetik duen kalitate handiagatik”.

Euskal Aktoreen Batasuneko epaimahaiari dagokionez, Lena Urzendowsky aktoreak jaso du Interpretazio Protagonista Onenaren saria, Leonie Krippendorffen Kokon filmagatik, “Noraren pertsonaiak emozio asko dituelako eta guztietan sinesgarria delako”. Antzezlan onenaren saria Ekaterine Kalatozishvilirentzat izan da, Tamar Shavgulidzeren Comets lanagatik, “pelikulan duen naturaltasunagatik eta presentzia liluragarriagatik”.

Film laburrei dagokienez, Publikoaren Saria (1.000 euro) Pati Cruz zuzendariaren La amante komediarentzat izan da.

Senior Epaimahaiaren eta Gazte Epaimahaiaren sariak Manuel Marmierrek zuzendutako Les saints de kiko lanak jaso ditu. Izan ere, baieztatu duenez, “oso film osoa da, oso argazki zaindua du, estetikoki oso erakargarria da eta hainbat diziplina batzen ditu”. Gazte Epaimahaiak Lo efímero-ri aipamen berezi bat egin dio, “oso film labur sentsoriala delako, ikusten ez denari buruz hitz egiten duelako eta hunkitzea lortzen duelako”.

Gainera, aurten lehen aldiz ZG PRO saria sortu da, bidean dauden proiektuak saritzeko asmoz. Lehenengo sari hau Cecilia Montagut zuzendari argentinarraren Las chicas del polígono lanak irabazi du.

Jaialdiaren balorazio oso positiboa

Bilboko jaialdiak edizio honetako balorazioa ere egin nahi izan du, eta zuzendariak azpimarratu duenez, “balorazioa oso positiboa da. Osasun-krisia eta murrizketak gorabehera, aurrez aurreko proiekzioei eutsi ahal izan diegu, eta ikusleen erantzuna bikaina izan da, jende asko bildu baita, areto asko goraino bete dira jaialdiko bi asteetan eta osasun-neurri guztiak errespetatu baitira”.

Jaialdia Bilbon amaitu ondoren, ZG Hedapena hasiko da, Euskal Herriko 50 herri baino gehiagotara egingo den ibilbidea, zinema eta aniztasuna herri txikienetara ere eramateko helburuarekin. Programazio osoa www.zinegoak.com webgunean kontsulta daiteke.

Zabaldu: