(argazkia: Bizkaiko Aldundia)

Zinema, antzerkia, musika, dantza, ilustrazioa, poesia, eskultura, moda eta bertsoak MusEkintzaren bigarren edizioan

MusEkintzak, Bizkaiko museoetako arte eszenikoen lehen jaialdia, irailaren 10ean emango dio hasiera bere bigarren edizioari. Jaialdiak aurtengo irailetik datorren urteko ekainera arte eskainiko ditu ikuskizunak. Lorea Bilbao kultura diputatuak azaldu duenez, “MusEkintza agertoki berrietara zabalduko da oraingo edizioan eta diziplina artistiko gehiago eskainiko ditu, zinema, antzerki, ilustrazio, musika eta hainbat estilotako dantzaz gain, poesia, eskultura, moda eta bertsolaritzaren inguruko ikuskizunak eskainiko dira hamar hilabetean zehar”. Guztira hamaika museo eta toki historiko izango dira eta hamaika ikuskizun desberdin eskainiko dira.

Diziplina artistiko ugari

Jaialdia irailaren 10ean abiatuko da Bilboko Arkeologia Museoan eta A vueltas con Lorca obrarekin, Carmelo Gomezen eta Mikhail Studynov-en eskutik. Irailaren 24an, berriz, Ganso & Ciak Babo Royal ikuskizuna eskainiko du Muskizeko Muñatones gazteluan. Urriaren 29an, Maitane Sarralderen Desªnuda dantza garaikideko ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da Bilboko Europa Parkean. Azaroaren 26an, Bilboko Arte Berreginen Museoa filmatzeko set bihurtuko da, ECCBIren eskutik. Urtarrilaren 28an, Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Memoria de un Pez Buenoren bidez, Bilboko Udal Txistularien Bandak arreta handiz hautatutako doinuak joko ditu Elisabeth Perez ilustratzailearen irudiei eta testuari laguntzeko. Otsailaren 25ean, Balmasedako La Encartada fabrika-museoan, Matxalen Bilbaok eta Natalia Garciak dantza hurbilduko diote publikoari, Serenity Suite ikuskizunaren bidez. Martxoaren 18an, Adriana Bilbaok ÉCLAT – La moda como símbolo de (R)evolución. La danza como medio de revelación lana eramango du Bilboko Mariaren Bihotza plazako aztarnategira. Apirilaren 29an, mikroantzerkia nagusi izango da Bakioko Txakolingunean, Mikel Martinezen Tabernaria eta Luna Lunaren Repiqueteo obrekin. Maiatzaren 27an, ATX Teatroak BilakATXe eramango du Muskizko El Pobal burdinolara. Ekainaren 10ean, Garazi Etxaburu dantzariak bizitza emango dio, Kandelaken bidez, Jose Pablo Arriagak sortutako tamaina handiko egurrezko eskultura bati, Gernikako Euskal Herria Museoan.

MusEKintzak ekainaren 24an amaituko da Santimamiñen Ez da kasualitatearekin. Bertsoen bat-bateko musika-emanaldia izango da. Bertsolariek gitarra, biolina eta saxoa oinarri hartuta inprobisatuko dute, moderatzaileak proposatutako gaietatik abiatuta. Antolatzaileek azaldu dutenez, “saioak ez dira mistoak; lau bertsolariak eta gaiak femeninoak dira, emakumezko bertsolariei, musikari eta bertsoei esker umorea, jolasa, hausnarketa eta konplizitatea batzen dituen ikuskizun bat izango da”.

Emanaldietara joateko, aurretik erreserba egin behako da, ekitaldia izango den museora deituz edo mezu elektroniko bat bidaliz. MusEkintzari buruzko informazio guztia kontsultatzeko: https://www.bizkaikoa.bizkaia.eus/

Zabaldu: