(argazkia: Donostia Kultura)

Zinema eta ikus-entzunezko sektorean laneratzeko ikastaroak antolatu dituzte Donostian

Prestakuntza doakoa izango da ikastaroa amaitu eta ziurtagiria lortzen dutenentzat.

Donostia Kulturak, ikus-entzunezkoen alorrean espezializatutako Larrotxene Bideo zentroaren bitartez, hitzarmen bat sinatu du Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Goi Eskolarekin (Escuela Superior de Cine y Audiovisuales-ESCAC), zinemaren eta ikus-entzunezkoen sektorean espezializatutako ikastaroak eskaintzeko.

Ikus-entzunezko industriarako eskulan kualifikatua sortzera eta profil profesional teknikoen sektorearen eskaera handiari erantzutera bideratuta, Off ESCAC programa Estatu espainiarreko Kultura eta Kirol Ministerioak eta Europar Batasuneko Next Generation Funtsek finantzatzen dute. Mikrokredentzialetan oinarrituta, ikastaroak %100 diruz lagunduta daude eta 15 ECTS kreditu emango dituzte, ESCAC ziurtagiriarekin.

Ikasleek 16 urtetik gorakoak izan behar dute, Estatuan legezko bizilekua izan beharko dute, eta 150 euro ordaindu beharko dituzte fidantza gisa. Fidantza hori ikastaroa osatu eta ziurtagiria lortzen dutenei itzuliko zaie.

Ikastaroak Donostiako Larrotxene Kultur Etxeko prestakuntza aretoetan emango dira, goizeko 10:00etatik 14:00era. Lehen ikastaroan izena emateko epea zabalik da jada eta gainerakoetan ikastaroa hasi eta hilabete lehenago. Izen-ematea ESCAC eskolaren webgunearen bidez egin beharko da.

Hiru ikastaro urritik 2026ko otsailera

Lehena edizioari aplikatutako gaitasun digitalak ezagutzeko izango da, DaVinci Resolve programa erabiliko da horretarako. Urriaren 1etik 31ra bitartean izango da euskaraz.

50 ordu aurrez aurre eta eskola-orduetan, eta 20 ordu lan autonomoan. Ikus-entzunezko edizio eta postprodukzioko prestakuntza praktikoa da, eta sektore profesionalean gehien erabiltzen den programetako bat erabiltzeko. Edizioa du ardatz, baina prozesuaren fase guztiak jorratuko dira: materialaren antolaketa, soinua, kolorearen zuzenketa eta azken esportazioa.

Bigarren ikastaroaren bidez, Adobe ingurunean graphics motionari aplikatutako gaitasun digitalak ezagutzeko aukera egongo da, azaroaren 10etik abenduaren 11ra, euskaraz.

Ikastaroak After Effects programaren erabilerari helduko dio, animazioko oinarrizko printzipioetatik hasi eta konposizioko eta efektu bisualetako teknika aurreratuetaraino. Adobe inguruneko hainbat tresna erabiliko dira, hala nola Photoshop, Premiere eta Illustrator.

Azkenik, Competencias digitales aplicadas a la corrección de color, iniciación ikastaroa izango da urtarrilaren 7tik otsailaren 6ra bitartean, gazteleraz. Antolatzaileek azaldu dutenez, “ikus-entzunezko lan-fluxuari aplikatutako kolore digitala zuzentzeko tresnak eta teknikak erabiltzeko prestakuntza emango zaie ikasleei. Ikastaro amaieran ikasleak doikuntza zehatzak egin ahal izango ditu irudien kolorimetrian, planoak berdindu, look espezifikoak sortu eta kolorea kudeatu ahal izango du industriako araudiak betetzen dituzten proiektuetan”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna