Zinemakumeak Gara! zikloaren 25. edizioa urriaren 5etik 14ra izango da

Bilboko hiru gunetan: Bilborocken, Campos Eliseos antzokiko Cupula Aretoan eta Alondegiko auditoriumean.

25 urte beteko ditu aurten Zinemakumeak gara! programak eta antolatzaileek urteurrena kulturaren eta feminismoaren lubakietan egindako ibilbide luzeari buruzko hausnarketa-esparru gisa balio dezan nahi dute, pandemiaren ondorioek eta etorkizunak planteatzen dituen galderek osatutako abagunean.

Bilborocken izango da inaugurazio saioa, urriaren 5ean. Bertan, lehen edizioko (1996) lehen lana eskainiko da: Beatriz de la Vegak zuzendutako Los Goikoetxea, euskal zinemak izan zuen garai emankorrenaren kronika bat da. Honetan, Nati Ortiz de Zirate, Arri, Biaffra, Amaia Diez, Juanma Pagazaurtundua, Alex de la Iglesia, Santiago Segura eta Gorka Rotaetxe oso gazte ageri dira. Lehenengo emanaldi honen ondoren film laburrak femeninoan sorta bat izango da; atal honen barruan, Norma Vilak (zuzendaria), Amara Mosteirok (ECCBI) eta Esther Caberok (Kimuak) mahai-inguru batean parte hartuko dute.

Urriaren 6an, Bilborock aretoan Kelly Reichardt-en River of Grass eta Jaione Cambordaren Arima filmak proiektatuko dituzte. Euskal zuzendaria bertan izango da.

Urriaren 7an, progamaziok eskaintzen duen film nagusietako bat estreinatuko da: Barbara Lodenek zuzendutako Wanda.

Urriaren 12an, jarduerei emango zaie hasiera Julie Dashen Daughters of the Dust filmaren proiekzioarekin. Emanaldiaren ostean, Marcelle Mardonek eta Azalak elkarteko kideek Kultura, identitatea eta immigrazioa osatzen duten ardatz hirukoitzaren inguruko solasaldian parte hartuko dute.

Urriaren 13an, Campos Eliseos antzokiko Cupula aretoan, Ana Carrasco Conde filosofoak, Edurne Portela idazleak eta Laura Casielles kazetari eta poetak mahai-inguru batean hartuko dute parte: Kulturatik eraiki al daitezke beste etorkizun batzuk?. Ondoren, Paula Consen La isla de las mentiras filmaren estreinaldia izango da.

Urriaren 14an, amaiera emango zaio aurtengo edizioari Alondegian. Aurrena Zinemagileak gara! zikloaren 25 urteen bueltan egindako dokumental bat eskainiko da eta, ondoren, ekimenaren sortzaileetako batzuk hitzaldi-topaketa batean izango dira. Carmen Urruela, Maria Luz Isasi, eta Ana Gutierrez zuzendaria izango dira, hain zuzen ere, Ana Hormaetxea gidoilaria moderatzaile dela. My Mexican Bretzel filma eskainiko dute, eta, horren inguruan, solasaldia izango da, Nuria Gimenez Lorang zuzendariarekin.

Aldi berean, Zinemakumeak Gara! ekimenak Basauri, Portugalete eta Zallara hurbilduko du programazioaren zati bat, eta bideo esperimentalari eta zinematografiari buruzko ikus-entzunezko tailer bat eskainiko du berriz ere.

Zabaldu: