Paul Urkijoren 'Gaua' filma

Zinemastea urtarrilaren 23tik 30era egingo da Gasteizen

Askotariko gaiak lantzen dituzten filmak hautatu dira, hala nola migrazioa, erlijioa, homosexualitatea eta serieko hiltzaileak; animaziozkoak; eta XVII. mendean girotutakoak.    

Gasteizko Arkabia kulturgunea izango da Zinemastearen 42. edizioaren egoitza nagusi berria. Bertan, Euskal Herrian sortutako hamar film onenak ikusteko aukera egongo da urtarrilaren 23tik 30era bitartean. Amaiera ekitaldia eta sari banaketa egiteko, berriz, Europa Jauregira lekualdatuko dira hilaren 31n.

Vital Fundazioa da zinema jaialdi honen antolatzailea eta egitarauak jasotzen dituen filmetatik hauek nabarmendu ditu: Paul Urkijo gasteiztarraren Gaua, XVII. mendean girotua; Alauda Ruiz de Azuaren Los Domingos familia-drama erlijiosoa; Maspalomas, J. M. Goenagak eta Aitor Arregik LGTBIQ+ komunitateko zahartzaroa hizpide duen filma; Decorado, Alberto Vazquezek egungo krisiei buruz egindako animazio-proposamena; Todo lo que no se, Ana Lambarriren lehendabiziko film luzea; Asier Urbietak zuzendutako Faisaien irla migrazioari buruzko thrillerra; Jone, batzuetan Sara Fantovaren lehenengo film luzea; Asier Altunaren Karmele, Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua nobelan oinarritutako filma da; Alberto Gastesiren Singularra drama psikologikoa; eta Juanma Bajo Ulloaren El mal filma.

Ikasleentzako jarduerak

Zinemastearen berrikuntzetako bat Gasteizko ikastetxeetako ikasleentzako jarduerak izango dira. Urtarrilaren 26an eta 28an, goizez, zinemaldiko bi film emango dira, eta zuzendariak bertan izango dira. Antolatzaileek azaldu dutenez, “ikasleei beren lan zinematografikoen xehetasunak azalduko dizkiete, eta aukera bikaina izango da gazteek euskal zinemako film garrantzitsuenetako batzuen sortzaileekin egoteko”.

Aste barruko saioak 19:30ean hasiko dira; hilaren 24an (larunbata) eta 25ean (igandea) bi emanaldi izango dira (16:45ean eta 19:30ean), eta ondoren solasaldi bat egongo da film luzeko protagonistekin (zuzendariak, artistak, gidoilariak…). Saio guztietara eta amaiera ekitaldira joateko abonuak (22 €) eta eguneko sarrerak (3 €) gaurtik aurrera eros daitezke www.zinemastea.eus jaialdiaren webgunean, baita Arkabian ere (Posta kalea 13-15) astelehenetik igandera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara (astearteetan itxita).

Sariak eta epaimahaia

Jaialdiak sei kategoria ofizial izango ditu: filmik onena, zuzendaritzarik onena, gidoirik onena, interpretazio nagusirik onena, aktore-multzoko interpretaziorik onena eta, aurtengo nobedadea, jatorrizko soinu-bandarik onena. Sariak osatzeko, ikusleek film onenari ematen dioten saria eta Vital Fundazioak zinemarekin zerikusia duten arabarrei ematen dien ‘Gutako Bat’ saria daude.

Zabaldu:

Utzi erantzuna