Zinemetan euskararen presentzia bermatuko duen zinemaren lege propioaren aldeko ekimena abiatu dute

Sinadura bilketa bat jarri dute martxan Avaaz plataformaren bidez.

Herritar talde batek Zinemak Euskaraz ekimena jarri du abian, zinemetan euskarazko filmak proiektatuko direla bermatzeko lege bat adostu eta indarrean jar dezaten. “Gure herrietako zinema aretoetan euskaraz eskaintzen diren filmek ez dute, inolaz ere, bermatzen euskaldunok zinema gure hizkuntzan ikusteko dugun eskubidea”, adierazi dute. Izan ere, “nahiz eta euskal hiztunok, kulturako beste hainbat esparrutan, euskaratik eta euskaraz aritzeko eta gozatzeko aukera zabala dugun (liburuak direla, musika, arte eszenikoak, egunkariak, aldizkariak, komunikabideak…), zinema aretoetan euskarak ez du dagokion lekurik”.

Hala, zinema aretoetan, jatorriz euskaraz ekoitzitako filmak ikusi nahi dituztela nabarmendu dute, baita euskarara bikoiztutako eta azpidatzitako produkzioak ere. Horretarako, zinemetan euskararen presentzia legez bermatuko duen zinemaren lege propioa behar dutela diote; “euskara, zinemetan ere, gaztelera eta frantsesaren pare egongo dela ziurtatuko duen legea; gure zinemetan eskaintzen den film bakoitzaren emanaldien erdia euskarazko bertsioan izango dela bermatuko duena, katalanek Kataluniako 20/2010 Zinemaren Legea duten eran”.

Beraz, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Euskal Hirigune Elkargoari eskatu dizkiete “euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea aintzat har dezatela eta errespetarazi dezatela, eta, zinema aretoetan ere, euskararen presentzia legez bermatuko duen zinemaren legea adostu eta indarrean ezar dezatela”. Horretarako sinadura bilketa bat abiatu dute Avaaz plataformaren bidez. Horretaz gain, ekimen honetako kideek jakinarazi dute jada hasiak direla Disney Euskaraz eta Netflix Euskaraz ekimenekin harremanetan.

Zabaldu: