(argazkia: Maritxu Etcheto-Euskal Kultur Erakundea)

Zineskola egitasmoa martxan da berriz ere Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan

Ipar Euskal Herriko lehen mailako eskolei kalitate handiko euskarazko animazio filmak eta laguntza pedagogiko egoki bat eskaintzeko asmoz antolatu dute euskarazko irudi heziketa dispositiboa.

Euskal Kultur Erakundeak, Zukugailua, Cinema & Cultures, Cinevasion, Zineuskadi, Departamenduko Hezkuntza Nazionaleko Zerbitzuak eta Ikas euskal pedagogia zerbitzuarekin, Zineskola egitasmoa antolatu du, euskarazko animazio film interesgarriak euskara irakasleei eta lehen mailako ikasleei proposatzeko asmoz, laguntza pedagogiko egoki bat eskaintzeko, eta euskara eskolatik kanpo erabiltzeko parada emateko.

Hala, 2017az geroztik, urtero, kalitatezko bizpahiru film proposatzen zaizkie ikusle gazteei eta beren irakasleei. Film bakoitza, aholkulari talde batek landutako ustiapen pedagogikoaren proposamen batez lagundua da. Proposamen hori irakasleei aurkezten zaie haientzat antolatutako film proiekzio berezietan. Horrela, ikasleekin filmaren inguruko lan berezia egin dezakete, proiekzioa aitzin eta haren ondotik ere.

Zineskola dispositiboaren bidez, Euskal kultur erakundeak eta bere partaideek honako helburuak finkatu dituzte: Haurrei kalitatezko euskarazko filmak eskaintzea, haien hizkuntza-gaitasunak eta kultura-ezagutza aberastuz; euskararen erabilera eta praktika sustatzea ikasgelatik kanpo, eguneroko bizitzan eta kultur ekintzetan; ikasleak zinemaren munduan murgiltzea, zinema-aretoaren eta zinemaren hizkuntza ezagutaraziz; eta irakasleei tresna pedagogikoak eskaintzea: Irakasleei baliabide pedagogikoak ematea, zinemaren bidez haurren hezkuntza aberasteko.

Dispositibo honen bidez, Euskal kultur erakundeak eta bere partaideek euskararen eta kulturaren transmisioa bultzatzen dute, irakasleei laguntza eta baliabideak eskainiz, eta haurrei esperientzia aberasgarria eta hezigarria emanez.

Urtarrilean, irakasleei formakuntza saio berriak eskaini zitzaizkien filmen edukiak ikasleekin lantzeko. “Aurten, metodo eta tresna pedagogikoak birpentsatuak izan dira fotogramen manipulazioari eta ikasleen arteko komunikazioari toki gehiago emateko”, adierazi du Maritxu Etcheto EKEko Transmisio egitasmoen arduradunak.

Bestalde, “aholkuak eta pistak proposatuak izan zaizkie irudi heziketa ustiapen horren integratzeko urteko diziplinarteko programazioan”, azaldu du Etchetok.
Azkenik, ikuslearen liburuxka aurkeztu zaie: “eskolako eta familiako zinema oroitzapenak eta esperientziak trukatzeko eta eztabaidatzeko tresna berria da”.

Martxotik apirilera bitartean eskainiko diren filmak: Grufaloa, 1. ziklokoei zuzendua (ama eskola); Teresa eta Galtzagorri, 2. ziklokoei zuzendua (CP-CE2); eta Phantom Boy, 3. ziklokoei zuzendua (CM1tik CM2ra).

Zabaldu:

Utzi erantzuna