‘Zirelako’ zinema eta memoriei buruzko erakustaldia online formatuan izango da

Aukeratutako lanak maiatzaren 28an eta 29an ikusgai egongo dira Zirelako egitasmoaren webgunean.

Martxoaren 31n, errepresio frankistaren biktima diren gasteiztarrei errekonozimendua emateko egunaren testuinguruan ospatzekoa zen Gasteizko Zirelako zinema eta memoriei buruzko erakustaldia, baina gaur egungo alarma egoeragatik bertan behera geratu zen. Orain, erakustaldia online formatu batera egokitzea erabaki dute antolatzaileek.

Hala, aukeratutako lanak maiatzaren 28an eta 29an ikusgai egongo dira Zirelako egitasmoaren webgunean. Nahi dutenek gainera, epaimahaiaren eta lanen egiletako batzuen arteko solasaldi telematikoan parte hartu ahal izango dute bigarren egunean, arratsaldeko 19:00etan.

Zirelako. Zinema eta memoriak “eztabaida eta ikuspegi kritikoa sustatzeko helburuarekin sortutako film laburren erakusketa da eta ikus-entzunezko istorio laburren bidez, memoriari eta giza eskubideen urraketei buruzko askotariko ikuspuntuak eskaini nahi ditu”.

Lanak bi kategoria eta dinamika desberdinetan hautatu dituzte. Alde batetik, Giza Eskubideen eta zinemaren esparruko aditu gisa, Rosabel Argote Veak (CEAR-Euskadi), Nerea Martinez Aranburuzabalak (Martxoak 3 elkartea) eta Fernando Lopez Castillok osatzen dute epaimahaia; kategoria irekian aurkeztutako lanen artean sei aukeratu dituzte.

Bestalde, bigarren kategoria batean, Zinhezbak, erakusketa antolatzeaz arduratzen den erakundeak, berak egindako aukeraketa berezia aurkeztuko du.

Filmak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, euskarazko edo gaztelaniazko azpitituluekin. Hitzaldi-solasaldia elebiduna izango da; parte-hartzaile bakoitzak bi hizkuntzetako edozeinetan hitz egiteko aukera izango du.

Sariak

Azkenik, ikus-entzuleek publikoaren saria aukeratu ahal izango dute egitasmoaren webgunean, bozkatzeko propio sortutako galdetegi baten bidez. Lan irabazleak Gasteizko Udaleko Bizikidetza eta Aniztasunerako Zerbitzuaren aitorpena jasoko du, eta hura zabaltzeko konpromisoa.

Zabaldu: