Zirku erromatar bat aurkitu dute Iruña Veleiako aztarnategian

Penintsulako iparraldeko erdialdean ezagutzen den hirugarren zirku erromatarra izango litzateke.

Arkikus enpresak diseinatutako eta zuzendutako proiektu pilotu baten emaitzak ezagutzera eman ditu gaur Arabako Foru Aldundiak: Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako erromatar garaiko egitura baten aztarnak. Aurkikuntza LiDAR kartografiari lotutako teknologiari eta drone bidez hartutako irudiei esker lortu da.

Arkikusek, Javier eta Iker Ordoño anaiekin batera, nabarmendu duenez, “251 hektareako azalera batean egindako lan zehatzaren ondorioz, aztarnategiaren zorupean kronologia erromatarreko eraikin edota azpiegiturak daudela erakusten duten ehunka ebidentzia daude, zientzia arkeologikoak oraindik ez dituenak ezagutzera eman”.

Haien artean, nabarmentzekoa da 280 metroko luzera eta 72 metroko zabalera duen esparrua, daukan presentzia eta inplikazioengatik: “irudien arabera, erromatar zirku bat dirudi, ikuskizunetarako eraikin bat. Bertan, zaldiz tiratutako gurdi lasterketak egiten ziren, eta, lehenengo kalkuluen arabera, 5.000 ikusle inguru hartu ahal izango zituen.

Iberiar penintsularen iparraldean ezagutzen diren zirku erromatarretatik hirugarrena izango litzateke, Tarraco (Hispania citerior-en probintzia hiriburua, egungo Tarragona) eta Calagurris (egungo Calahorra, “municipium” maila duen hiria) garrantzitsuen atzetik, eta, haietatik, jatorrizko trazadurari eusten dion bakarra, ez baitago egungo hirigintzan ezkutatuta.

Gainera, hirigintza antolatu baten berezko elementuak identifikatu dira, bai barrualdean, bai, batez ere, Veleiako oppidum edo hiri harresitu berantiar gisa ezagutzen den esparruaren kanpoaldean. Hala, “argi eta garbi definitzen dira kaleak (batzuetan arkupedunak), espazio publikoak, etxebizitza auzoak, ustez gurtza kolektiborako ziren eraikinak, eta ur hornidurarekin edo hiri bilbearen saneamenduarekin lotutako azpiegiturak, besteak beste”.

“Horrek guztiak erakusten du zer nolako garrantzia izan zuen hiri honek iraganean, ez bakarrik Iter XXXIV errepidea, hau da, Astorgatik Bordelera zihoan erromatar galtzada, zeharkatzen zuten bidaiarien derrigorrezko geraleku gisa, baizik eta erromatarren garaian gaur egungo euskal lurraldea eta bere inguruak egituratzen zituen hirigune gisa” adierazi dute.

Zabaldu:

Utzi erantzuna