Urritik abendura bitartean Nevadan bizi den June izeneko neskatxa baten abenturak kontatzen dituen ipuin ilustratua landuko du Hendaiako Nekatoenea baserrian.
Hamabigarren aldiz, euskal sortzaile batek parte hartuko du Euskal Kultur Erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterreko zentroak eta Euskal Idazleen Elkarteak proposatzen duten euskarazko literatura sorkuntza egonaldian. Ekimen honen bidez, euskal literatura sorkuntza sostengatu nahi da eta irabazleari argitaratuko den idazketa lan batentzat behar dituen ahalak eskaini leku abantailatu batean.
Azken bi urte hauetan, Getariako Elkano Fundazioak proiektuarekin bat egin du. Horrela, egonaldi honek, Juan Sebastian Elkano euskal esploratzailea eta marinel ospetsua berriz ere nabarmentzeko aukera eskainiko du, munduko lehen itzuliaren 500. urtemugaren karietara. Aurtego deialdiarekin, bere bidaiaren ondorioak eta jendartean izan duen eragina ere ezagutzera eman nahi izan dira.
Hala, epaimahaiak egonaldia eta horrekin doan dirulaguntza Zoe Bray sortzaileari ematea erabaki du aurtengoan.
1974an sortua, Nevadako Reno hirian bizi da Zoe Bray, aita ingelesa eta ama baxenabartarra ditu. Lan kontuengatik familia Europako hainbat lekutan bizi izan da; Euskal Herriarekiko lotura betidanik atxikiz eta euskara (bere bosgarren hizkuntza) ikasi zuen.
Nahia Zubeldia edo Maialen Akizu aurreko irabazleak bezala, Bray hilabete batez egongo da Hendaiako Abbadia Eremuko Nekatoenean, 2022ko urritik abendura bitartean.
Batez ere erretratuak marrazten ditu aurtengo irabazleak, baina konfinamendutik hona, haurrentzako istorioak ere idazten eta ilustratzen ditu. Nekatoenean egingo duen egonaldiaren karietara, Nevadan bizi den June izeneko neskatxa baten abenturak kontatzen dituen ipuin ilustratu bat lantzeko xedea du.