(Zornotzako Udala)

‘Zornotza Musikagaz Fest’ jaialdia izango da larunbatean

Bertan, hamabi taldek hartuko dute parte, guztiak Durangoko Azokan izandakoak. Agertokiak ondorengoak izango dira: Amorebieta IV pilotalekua, Zelaietako kontzertu gela eta herriko tabernak.

Zornotzako Udalak Zornotza Musikagaz Fest! 2024 jaialdiaren bigarren edizioa aurkeztu du prentsaurrekoan. Ekitaldian izan dira Ainhoa Salterain alkatea, Gerediaga Elkarteko Beñat Gaztelurrutia eta Musika Bulegoko Jon Bagües. Bi ordezkariak jaialdiaren bi erakunde laguntzaileetako kideak dira, Zornotzako Gazteak taldearekin batera. Jaialdia urtarrilaren 27an izango da eta herriko hainbat espaziotan garatuko da: Amorebieta IV pilotalekuan, Zelaietako kontzertu gelan eta herriko tabernetan.

Aurtengo kartelari dagokionez, Eire, Bengo, Janus Lester, Lotu edota Ameba izango dira oholtzara igoko diren taldeetako batzuk, “denetara hamabi talde, bakoitzak bere estilo berezia eta kantu propioak eskainiz”. Gainera, jaialdiaz gain, Pary&Tiza DJek girotutako bazkari herrikoi bat ere izango da. Bazkarira joan nahi duten herritarrek aldez aurretik erosi behar dituzte txartelak Urtza edo Tomasa tabernetan.

“Artea euskaraz adierazten duten talentu musikal berrientzako erakusleiho gisa jardutea da jaialdiaren helburu nagusia” adierazi du Salterainek. “Jaialdi hau plataforma paregabea da artista hauek beren lanak aurkez ditzaten. Gure asmoa da euskal gazteei, musika karrerak gure hizkuntzan hasteko grina duten gazte horiei, aukera bat eskaintzea hemen, Amorebieta-Etxanon. Gainera, kontratazio eta erakustaldi publikorako aukera hau profesionalizaziorako tranpolina izatea ere nahi dugu. Zornotza Musikagaz Fest! euskal musikari eta sortzaile berrientzako erreferentzia izateko lanean jardungo dugu”.

Jaialdi honen bitartez, Durangoko Azokako ekimenei jarraipena emateaz gain, gazteak kulturan eta musikan murgiltzea bultzatu nahi dute, taldeen aukeraketan aktiboki parte hartzea. Hala, “jaialdia aukera paregabea da talentu berriei ikusgarritasuna emateko eta askotariko audientziak sortzeko, bereziki euskarazko musikaren esparruan, publiko berrietara ateak zabalduz, eta euskarazko musikaren kontsumoa indartuz”, nabarmendu du alkateak.

Bestalde, Gaztelurrutiak Durangoko Azokan sortzen ari diren musika talde berriei benetako aukerak ematearen garrantzia azpimarratu du. Bere ustez, funtsezkoa da sortu berri diren talentu horiek musikaren munduan beren bidea garatzen jarraitzeko aukera izatea. Gerediagakoak ideia horretan jarri du arreta, eta sortzen ari den musika-eszenaren hazkunderako eta sostengurako funtsezkotzat jo du Jaialdia. “Honi esker, talentu berriak identifikatu eta sustatzeaz gain, artista horiek beren ibilbide artistikoan aurrera egiteko eta eboluzionatzeko beharrezkoak diren tresnak eta plataformak dituzte”.

Era berean, Bagüesek azaldu du: “Musika Bulegoaren helburuetako bat Euskal Herriko artistei proiektu berriak aurkezteko aukera eskaintzea da. Areto publiko edo pribatuetako programazio arduradunek, jaialdiek eta udal teknikariek sektoreko musika sortzaileak eta horien proposamenak gertutik ezagutu ahal izateko guneak sortzea.

Kontzertuak

13:00 Sukoi NAHIEZ
14:30 Urtza GANIBET
15:30 Frontoia BAZKARIA PARY&TIZA
16:30 Kontzertu Gela AKALEIA
17:30 Frontoia EIRE
18:00 Tomasa ZILIBITO RECORDS
18:30 Kontzertu Gela SISTEMAK ARRISKUTSUAK DIRA S.A.D
19:30 Frontoia INTZA
20:30 Vintage AMEBA
21:00 Kontzertu Gela LOTU
22:00 Frontoia JANUS LESTER
23:00 Kontzertu Gela LILO
24:00 Frontoia BENGO

Zabaldu: