(argazkia: Araba Euskaraz)

‘Zortzi Alaba Dantzari’ da aurtengo Araba Euskaraz festarako kanta

Ekainaren 19an Olarizun izango da aurtengo Arabako ikastolen aldeko jaia eta bildutako dirua Trebiñuko Argantzun ikastolarentzat izango da. Manex Agirre bertsolariak jarri dizkio hitzak eta Sukasuan eta Dupla taldeek erantsi diote musika.

Zortzi alaba dantzari da aurtengo Araba Euskaraz festaren abestia. Manex Agirre bertsolariak jarri dizkio hitzak eta Sukasuan eta Dupla taldeek erantsi diote musika. Bideoklipa egiteko ardura, berriz, Unai Martinek eta Julen Garciak izan dute. Guztien artean abesti alai, dantzagarri eta mezuz betea osatu dute, eta bideoklipak ikusgarritasuna eman die abestiaren ezaugarri nagusiei.

Egileek aurkezpenean azaldu dutenez, “elkarlanean eta auzolanean eginiko kanta duzue, elkarlana eta auzolana baitira gure jaia antolatzeko ardatz; aurten, gainera, bikoiztuta datoz ezaugarri horiek, dakizuen moduan, Arabako zortzi ikastolak elkarrekin ari baikara datorren ekainaren 19ko jaia bezala, urtean zehar egiten ari garen ekimen desberdinak antolatzen”.

Hala, abestiaren izenburuak lotura egiten du aurtengo leloarekin: Zortzigarren alaba. Trebiñuri (Arabako zortzigarren kuadrilla) eta Argantzun ikastolari, Arabako zortzigarren ikastola da honakoa, aurtengo Araba Euskarazen biltzen den dirua ikastola honek Sagastietan egin behar duen eraikina finantzatzen laguntzeko izango da. Era berean, batasuna ere adierazten du kantak, zortziak bat direlako, kuadrillak bezala, ikastolak, eta lehen aipatu bezala, zortzi ikastolak elkarrekin ari direlako Araba Euskaraz antolatzen.

Zabaldu: