Jone Arriolaren 'Hor konpon' filma

Zortzi film laburrekin dator aurtengo Laburbira zirkuitua

Aurtengo edizioa martxoaren 7tik apirilaren 11ra bitartean egingo da Euskal Herri osoan. Besteak beste, Ekain Irigoienen Europa eta Eneko Sagardoyren Betiko gaua filmek osatuko dute bilduma. 2025eko edizioaren aurrestreinaldia Donostiako San Telmo Museoan egingo da, martxoaren 6an.

Laburbirak, euskarazko film laburren zirkuituak, bi hamarkada baino gehiago beteko ditu Euskal Herriko aretoak euskal filmez betetzen. “Euskal zinemagintza hauspotzea, zinemagileei beraien lanak erakusteko aukera emanaz, eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea dira gure helburuak”, azaldu dute Taupa Euskaltzaleen mugimenduko kideek.

Antolakuntzaren arabera, “20 urteotan bide arrakastatsua egin du Laburbirak: euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala bihurtu da, eta zirkuitu egonkor eta zabal bat eskaintzen duen neurrian, industria osoaren pizgarri moduan ere eragiten du”.

Aurtengo ediziora 35 lan aurkeztu dira eta horietatik zortzi film hautatu dira herriz herri ikus daitezen. “Orotara, 97 minututako film-labur sorta ikusgarria osatu da ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaintzeko asmoz. Denetariko lanak aurkitu daitezke bertan, eduki zein estiloz, horietako asko jada zenbait zinema jaialditan saritutako lanak dira”.

Hauxek dira, hurrenez hurren, aurtengo edizioan ikusgai izango diren film-laburrak: Prosopagnosia (Ekain Martinez), Plazer bat (Sonia Estevez), Betiko gaua (Eneko Sagardoy), Europa (Ekain Irigoien), Pentsatzen dut (Karmele Mitxelena), Hor konpon (Jone Arriola), Goodbay Kepler (Nerea Ayala, Patricia Fañanas, David Modroño, Iraia Yarto) eta Utlandsk (Alba Lozano).

Laburbiraren aurtengo edizioak Donostiako San Telmo Museoan martxoaren 6an egingo den aurre-estreinaldiarekin hasiko du bere ibilbidea.

Emanaldiak antolatzeko eskaerak

Laburbira edozein herritan antolatu daiteke, eta elkarte zein udalen izen-ematea zabalik dago  webgunean martxoaren amaierara arte. “Bertan aukeratu dezakete antolatzaileek apirilaren 12tik maiatzaren 12ra bitartean zein egunetan eta non antolatu nahi duten emanaldia. Horretaz gain, sortzaile eta ikusleen arteko harremana erraztu eta sendotu asmoz, zuzendariekin solasaldiak antolatzeko aukera ere egongo da proiekzioaren barruan”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna