'Ane' filma (argazkia: Etxepare)

Zortzi sari eraman dituzte euskal zinemagileek Goya sarietan

Ane eta Akelarre filmak izan dira zortzi garaikur jaso dituztenak.

Azken urteotako joerari jarraiki, euskal zinemak sari ugari jaso ditu Goya sarietan. Estatu espainiarreko Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak zortzi garaikur eman dizkie Ane eta Akelarre-ri. Azken hau izan zen, gainera, filmik sarituena. Pablo Aguerok zuzendutako filmaren lantaldeak bost Goya sari jaso zituen: Mikel Serrano, zuzendaritza artistiko onenagatik; Nerea Torrijos, jantzien diseinu onenagatik; Beatushka Wojtowick eta Ricardo Molina, makillaje eta ile apaintze onenengatik, eta Mariano Garcia Marty eta Ana Rubio, efektu berezi onenengatik.

Ane filmak, berriz, hiru sari jaso zituen. Emakumezko aktore protagonista onenaren saria eman zioten Patricia Lopez Arnaizi eta emakumezko aktore berri onenarena Jone Laspiurri. David Perez Sañudok zuzendutako filmak gidoi egokitu onenaren saria ere irabazi zuen.

Bi euskal film sarituenak euskaraz filmatutako pelikulak dira. Gainera, emakumezko aktore onenaren saria euskarazko film bateko protagonistari eman dioten lehen aldia da.

Malagan egin dute, pasa den asteburuan, koronabirusaren aurkako neurriek baldintzatutako Goya sarien gala. Ekitaldiaren 35. edizioko aurkezleak Antonio Banderas aktorea eta Maria Casado telebistako aurkezleak izan dira.

Saririk eskuratu ez zuten arren, izendapena jaso zuten, baita ere, hurrengo euskal ekoizleek: Juanma Bajo Ulloak, zuzendaritzarik onenaren sarirakoa, Baby filmagatik; Koldo Uriarte eta Bingen Mendizabalek, jatorrizko musikarena, Baby filmagatik ere bai; Ana Sernaren eta Paula Iglesiasen Solo son peces filma dokumental laburrik onenaren sarirako izendatu zuten, eta Alberto Vazquezen Homeless Home, aldiz, animaziozko lan laburrik onenarenerako.

Zabaldu: