(argazkia: Kultur Sharea)

‘Zu non, han DA!’ egitasmoaren bidez, Durangoko Azoka Euskal Herrira zabalduko da aurten ere

Gaurtik abenduaren 18ra bitartean, 23 liburu aurkeztuko dituzte idazleek saltokietan bertan. Durangoko Azokako nobedadeak urtarrilaren 19ra arte egongo dira ikusgai saltokietan.

Zu non, han DA! izeneko egitasmoak bere bosgarren edizioa beteko du aurten. 2020an sortu zen, Durangoko Azokak euskal kulturgintzan sorrarazten duen dinamikaren indarra aprobetxatu eta euskal literaturaren urteko produkzioaren uzta Euskal Herri osora zabaltzeko asmoz.

Egitasmo honi esker, Durangoko Azokaren 59. edizioan plazaratutako nobedadeen sortak Euskal Herri osoko 66 liburu saltokitan izango dira urtarrilaren 19ra arte, eta gaur hasita, horietako 23 liburu-dendatan liburu bat aurkeztuko da, idazlea bertan dela. Beraz, abenduko egunetan zehar, Durangoko Azoka ibiltaria izango da, eta hartzaileen herrietara zuzenean helduko da. Hain zuzen, kulturazaleengan jarri du arreta aurtengo azokak, kultur sistema osasuntsu baterako ezinbesteko direlako.

Hartzea ematea da leloari jarraituz

Zu non, han DA! egitasmoaren xedea liburu saltokiek urte osoan zehar egiten duten lana aitortzea da, besteak beste. “Hartzea ematea da, eta aurtengo lelo horri jarraituz, Durangoko Azokan hartuko den indarra Euskal Herriko dendatan emango da”, azaldu dute antolatzaileek.

Ekimenean parte hartuko duten saltokien zerrenda eta aurkezpenen inguruko xehetasun guztiak, durangokoazoka.eus webguneko ZuNonHanDA! atalean jarri dituzte edonorren eskura.

Zabaldu:

Utzi erantzuna