Durangoko Azokak kontzertuak antolatuko ditu Euskal Herriko zortzi herritan, abenduaren 5etik 8ra. 32 musika-taldek parte hartuko dute.
Durangoko Azoka Euskal Herri osora zabalduko da edizio honetan, Zu non, han DA! egitasmoaren bidez. Gerediagako presidente Nerea Mujikak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu Bingen Zupiriak aurkeztu dute ekimen berri hau, Donostiako Dabadaba aretoan egindako prentsaurrekoan.
Osasun-alarmak ezarritako aforo eta mugikortasun murrizketak kontuan hartuta, Durangoko Azokak erabaki du proiektu berri hau antolatzea, online denda eta Durangon bertan egongo diren jarduerez gain. Ekimen honen helburua Azoka kulturzaleengana gerturatzea izango da, aurten kulturzale guztiek ezin izango dutelako Durangora urteroko bisita egin.
Egitasmo berri honek ardatz nagusi bi izango ditu: Plaza eta Denda. Lehenengoa, musika eta zuzenekoekin lotuta egongo da. Durangoko Azokak kontzertuak antolatuko ditu Euskal Herriko zortzi herritan: Amurrio (Burubio), Gasteiz (Jimmy Jazz), Bermeo (Kafe Antzokia), Bilbo (Euskalduna), Ondarroa (Beikozini), Azpeitia (Sanagustin eta Soreasu), Donostia (Doka eta Dabadaba) eta Atarrabia (Totem). Ipar Euskal Herrian ez da aukerarik egon zuzenekorik antolatzeko, osasun-egoerak ezarritako arauen eraginez.
Kontzertuak abenduaren 5etik 8ra antolatuko dira, eta herri bakoitzean bi eguneko egitaraua egongo da. Guztira 32 taldek parte hartuko dute: batzuk ibilbide luzeko bandak izango dira, eta beste batzuk, ostera, lehenengo diskoa atera dutenak. Estilo aldetik ere, aniztasun handia egongo da taldeen artean: Gatibu, Zea Mays, Nøgen, Dupla, Sua, Brigade Loco, Amorante, Raitx, Gatom, Kaleko Urdangak, Liher, Ene Kantak, Joseba Irazoki…
Kontzertuetako sarrerak bihartik aurrera, azaroak 21, eskuratu ahal izango dira www.durangokoazoka.eus webgunean, 11:00etatik aurrera. Sarreren prezioa 8 eta 15 euro artekoa izango da, eta unean-uneko osasun-arauak errespetatzea beharrezkoa izango da.
Bigarren ardatza, Durangoko Azoka amaitzerakoan helduko da, hots, abenduaren 9tik aurrera, urtarrilaren 8ra arte. Zu non, han DA! ekimen honen baitan, Euskal Herriko hainbat liburu-dendatan Azokako produktuak egongo dira salgai, modu presentzialean. “Azokako online denda abenduaren 4tik 8ra egongo da zabalik, baina Azokaren eragina gabonetarako erosketetara ere zabaldu nahi dugu, eta liburu-dendetan emango diogu jarraipena online dendari”. Izena emateko epea irekita dago liburu-dendentzat, webgunean.
Horrez gain, Azokak Durangoko egitarauari eutsiko dio, abenduaren 4tik 8ra arte. Landako gunean eta Plateruenan hamaika jarduera egongo dira: kontzertuak, solasaldiak, ikuskizunak, umeentzako jarduerak, proiekzioak… Azaroaren 26an aurkeztuko da Durangoko egitarau osoa eta aurtengo gainontzeko nobedadeak.
Nerea Mujikak gogoratu duenez, gaur egun indarrean dauden mugikortasun ezarpenen eraginez, Durangoko eta mugakide diren herrietako biztanleak bakarrik joan ahalko dira modu presentzialean Durangoko egitarauaz gozatzera. “Hori dela eta, aurten euskal herrietatik Durangora etortzerik izango ez denez, Durangoko Azoka joango da euskal herrietara: zu non, han DA!. Hori da, hain zuzen ere, egitasmo honen helburu nagusia: Azokako egitaraua eta denda kulturzaleengana hurbiltzea, online eta baita modu presentzialean ere.
Kontzertuen zerrenda:
-Amurrio (Burubio)
Izatefaltsua + Rodeo – Abenduak 6. 18:00
Sara Zozaya – Abenduak 7. 19:00
-Atarrabia (Totem)
Liher + Sorkari – Abenduak 5. 18:00
Kaleko Urdangak + Perlata – Abenduak 6. 18:00
-Azpeitia (Soreasu)
Gatibu – Abenduak 5, 19:00.
*Aforoa beteko balitz, bigarren pase bat antolatuko da 16:00etan.
-Azpeitia (Sanagustin)
Sua – Abenduak 8, 19:00
-Bermeo (Kafe Antzokia)
Gatom + J Martina – Abenduak 6. 18:00
Joseba Irazoki + Inoren Ero Ni – Abenduak 7. 18:00.
-Bilbo (Euskalduna)
Ene Kantak – Abenduak 7 eta 8. 12:00. Zea Mays – Abenduak 7. 19:00.
Nøgen – Abenduak 8 .19:00
-Donostia (Dabadaba)
Silicies Grizzlies + Kyxo – Abenduak 5. 18:30
Dena + Habi – Abenduak 6. 18:30
-Donostia (Doka)
Raitx + Pelax – Abenduak 7. 18:00.
Mihise + Kaskezur. Abenduak 8. 18:00.
-Gasteiz (Jimmy Jazz)
Brigade Loco + Barne Guda – Abenduak 6. 18:00
Amorante + Moxal – Abenduak 8. 18:00
-Ondarroa (Beikozini)
Dupla + Nikotina – Abenduak 6. 18:00
Patxuko Nice – Abenduak 8. 17:00
Ezpalak – Abenduak 8. 19:00.