(argazkia: Durangoko Azoka)

‘Zu non, han DA!’ egitasmoaren bidez, Durangoko Azokako 58. edizioa Euskal Herrira zabalduko da

Liburu aurkezpenei solasaldiak, errezitaldiak, ikus-entzunezko emanaldiak edota ilustratzaileen lanak zuzenean ikusteko aukera gehituko zaizkie eta tailer formatuan ere izango dira aurkezpenetako batzuk.

Zu non, han DA! egitasmoak bere laugarren edizioa beteko du aurten. 2020an sortu zen, Durangoko Azokak euskal kulturgintzan sorrarazten duen dinamikaren indarra aprobetxatu eta euskal literaturaren urteko produkzioaren uzta Euskal Herri osora zabaltzeko asmoz.

Hala, Euskal Herri osoko 88 liburu dendak hartuko dute parte egitasmoan, eta azokan egon diren nobedadeak ezagutzeko aukera emango dute. Gainera, 27 dendatan liburu aurkezpenak egingo dira, abenduaren 11n hasi eta 20an amaituko den aurkezpen-zirkuitoaren barruan.

Idazleek, bestelako sortzaileek lagundurik, burutuko dituzte aurkezpen gehienak, hitzorduari kutsu kulturalago bat emateko. Liburu aurkezpenei solasaldiak, errezitaldiak, ikus-entzunezko emanaldiak edota ilustratzaileen lanak zuzenean ikusteko aukera gehituko zaizkie. Tailer formatuan ere izango dira aurkezpenetako batzuk. Gaur hasiko da zirkuitua, bi ekitaldirekin: Irati Garmendiak eta Ane Arzelusek Ortuko bizitza bilduma aurkezteko tailerra eskainiko dute Eibarren, eta Jon Artanok Juana liburuaren berri emango du Urduñan. Datozen egunetan herriz herri izango dira aurkezpenak, eta azkena Iruñean ospatuko da, Joseba Sarrionandiaren eta Santi Leoneren arteko solasaldiarekin, Markos Gimenoren 101 Letrakartel aitzaki gisa hartuta.

27 aurkezpenen zerrenda kontsultatzeko, hemen.

Zabaldu: