(argazkia: UEMA)

‘Zubiak zeharka’ lelopean, Udalerri Euskaldunen Eguna egingo dute maiatzaren 18an Lesakan

Bi urtetik behin izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna, udalerri euskaldunen ekarpena festa giroan ikusarazteko eta aurrera begira dituzten erronkak nabarmentzeko.

“Maiatzaren 18koa udalerri euskaldun guztien eguna da”, adierazi du Martin Aramendi UEMAko lehendakariak. “Aspaldi erabaki zen egun hau udalerri euskaldun guztion bilgune izatea, UEMAko kide izan ala ez. Gaur egun, 175 udalerri inguru dira Euskal Herriaren luze-zabalean udalerri euskaldunak. Biztanleen %70etik gora euskalduna dutenak”.

Udalerri euskaldunek euskararen normalizazioari egundoko ekarpena egiten dietela adierazi du Aramendik, “gure herriaren orube nagusiak dira, eta ez dira hitz hutsak”.

Aurtengo leloa ere ildo horretatik doa: Zubiak zeharka. “Zubiek orube sendoak behar dituzte, alde batekoak eta bestekoak elkartzeko balio dute, auzolanean eraiki izan dira mendeetan zehar, eta harri bakoitzak du garrantzia. Guztiak elkartuta sortzen da zubia, auzolanean, eta horrela gainditzen dira oztopoak. Hemen, Lesakan, badakizue zerbait zubiei buruz, eta irudi ederra da euskara eta udalerri euskaldunak zer diren islatzeko ere. Udalerri Euskaldunen Eguna bera ere zubia da, UEMA bezala: hanka bat euskalgintzan eta bestea erakunde publikoetan dugu, eta biak uztartuta ari gara lanean, auzolanean, zubigintzan”.

Ekimen herrikoia

Lesakako euskara zinegotzi Eneko Fernandezek nabarmendu duenez, “pozgarria da Udalerri Euskaldunen Eguna herrian izatea. Ilusioz aritu gara lanean azken hilabeteotan, eta maiatzaren 18an ilusio horretara batzeko deialdia egin nahi diegu herriko, Bortzirietako eta Euskal Herri osoko euskaldun guztiei. Hasieratik, gainera, argi izan dugu honek ezin zuela izan UEMAren eta Udalaren arteko kontua soilik, ekimen herrikoia baizik. Herriko elkarte eta eragileei dei egin diegu elkarlanean eguna antolatzeko, eta bikain erantzun dute”.

Antolakuntza batzordean parte hartu duten Lesakako talde eta elkarteen izenean, berriz, Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduko kide den Aitor Irazokik hartu du hitza, eta datorren maiatzaren 18rako denen artean antolatutako egitaraua aurkeztu du.

Egitaraua

09:45ean, diana. Soinulariak eta txistulariak, Harriondoatik.
10:00etan,  UEMAren batzar nagusia.
· Euskara taldeen topaketa: Euskararen olatu berria sortzeko gakoak.
· Haurrentzako herri kirolak.
12:30ean, ekitaldia, plazan.
13:15ean, fanfarrea, Lesakako Musika Eskolako ikasleekin.
14:30ean, bazkaria, Bidenabar taldeak girotuta.
18:00etan, bertso-triki poteoa, Maddi Ane Txoperena eta Josu Sanjurjorekin.
20:00etan, Larrain dantza herrikoia, Leskakao gaiteroekin.
20:45ean, erromeria, Trikidantz taldearekin.
23:30ean, Dj festa: Fifi & Fefa.

Bazkarirako txartelak aldez aurretik eskatu beharko dira, maiatzaren 14ra bitartean. Horretarako, galdetegi hau bete beharko da, eskuratu nahi den txartel kopurua zehaztuz. Gainerakoan, Lesakan eta Bortzirietako zenbait lekutan ere eskuratu daitezke. Hemen leku horiei eta bazkariari buruzko informazio zehatzagoa, menuarekin eta gainerakoekin batera.

Zabaldu: