Zumaiatik Lekeitiora izango da aurtengo UEMAko gazteen topaketa

Ekainaren 29tik uztailaren 5era egingo da ekimena. Otsailaren 19an zabalduko da izena emateko epea.

Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen duela lau urte, eta azken ikasturteetan UEMA osatzen duten herrietako ikastetxe guztietan aritu dira lanean teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnas guneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken hiru urteotan. Iaz, lehen aldiz, ibiltaria izan zen ekimena, eta 60 gaztek hartu zuten parte. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa hauekin.

Aurtengo topaketa ibiltaria izango da, Zumaian hasi eta Lekeitiora joango dira parte-hartzaileak, ekainaren 29tik uztailaren 5era.

UEMAk argitu duenez, 14 eta 18 urte bitarteko gazteek hartu ahal izango dute parte ibilaldian. Gehienez, 50 lagun joan ahal izango dira. Izena emateko epea otsailaren 19tik aurrera egongo da zabalik.

Informazio gehiago hemen.

Zabaldu: