Sei eta hamabi urte bitarteko haurrei zuzendutako jarduera bat da. Parte hartzeko, posta elektronikoz eman beharko da izena.
Zumalakarregi, Igartubeiti, Topic eta Euskal Itsas Museoek Familiak sarean izeneko programa aurkeztu dute, etxeko txikienei zuzendutako eskaintza batekin. Horri esker, museoetako gaiak modu desberdin batean ezagutzeko, jolasteko eta gozatzeko aukera izango dute egun hauetan.
Parte-hartzaileek (sei eta hamabi urte bitarteko haurrak) sorkuntza-proiektu bat egingo dute familian. Edukiak Google Classroom-en egongo dira eskura, eta astero material berria jarriko da plataforman eskura, interesa duten guztiek nork bere erritmora erabiltzeko moduan. Nolanahi ere, jarduera horiek egiteko ez da teknologiarik behar, helburua etxeko txikienek pantailarik gabe gozatzea eta jolastea delako.
Museoetako lantaldeek dinamizatuko dituzte jarduerak, familiei laguntza emanez eta sor litezkeen zalantzei erantzunez. Jarduera horretan parte hartzeko, Googleren Gmail posta-kontu bat eduki behar da, eta posta elektronikoz eman behar da izena. Bidaiaren amaieran, nabigatzaile txikiek egindako lan guztiak ikusgai jarriko dira erakusketa birtual batean, museoen web orrietan. Proposamenak:
Igartubeiti Baserri Museoa: Istorioak josten.
Igartubeitik urtero argitaratzen dituen Areago kontakizunak oinarri harturik, haurrek beren ipuina sortzeko aukera izango dute, marrazkiak, collageak eta bestelakoak erabiliz. Izen-ematea: metxeberria@k6gestioncultural.com
Zumalakarregi Museoa: Nire kaxatxoa
Nola egin daiteke altxor kutxa bat? Zumalakarregi Museoak proposamen hau dakar: “pentsatu, gogoratu eta bilatu ditzagun oroitzapen, ideia eta objektuen artean haurrek gordeko eta zainduko lituzketen altxorrik preziatuenak. Balio bereziko momentuak, abestiak, argazkiak edo abenturak, akaso?” Izen-ematea: earruti@k6gestioncultural.com
Euskal Itsas Museoa: Manuel Agoterekin eta haren egunerokoekin itsas bidaian.
Norberak bere itsas egunerokoa sortu beharko du, Manuel Agote getariarraren eta haren fragataren abenturetatik abiatuz. “Kartoiak, plastikozko botilak, zapata-lokarriak… Denak balio du esperimentatzeko”. Izen-ematea: hezkuntza@itsasmuseoa.eus
Topic
Tolosako Topic nazioarteko txotxongilo museoak ere bat egin nahi izan du berrogeialdia arintzea asmo duten online jarduerekin eta haurrentzako nahiz helduentzako jarduerak eskainiko ditu.
Topic-eko pedagogia-arduradunek txotxongilo tailer bat igoko dute sarera egunero. Tailer errazak izango dira, eta, bertan, txotxongiloak modu erraz eta dibertigarrian sortzeko jarraibideak emango zaizkie haurrei.
Horretaz gain, museoko arduradunak museoko txotxongilo bat aukeratzen du egunero, eta hari buruzko sekretu bat kontatzen du. Mariona Topic-eko maskotaren laguntzarekin egiten du hori, jarduera are pertsonalagoa izan dadin.
Azkenik, Karmelek, pedagogia-arduradunetako batek, helduentzako tailer bat prestatu du. Besteak beste txotxongilo egileei, irakasleei edota begiraleei zuzendutako bideo batzuk dira, Zentro Dramatiko Nazionalari esker Madrilgo Sana Sana jardunaldietarako egindakoak; gradualki igoko dira sarera, eta, ondoren, jarraipena izango dute TOPIC+ proiektuan.