Zumalakarregi Museoak ‘XIX. mendeko emakume esploratzaileak’ programa aurkeztu du

Ormaiztegiko museoak esplorazioak egiten zituzten lau emakumeren bizitza ezagutzera emango du eduki birtualen bidez. Martxoan zehar emakume hauen bizitzaren inguruko edukiak argitaratuko dira webgunearen bidez.

Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak XIX. mendeko emakume esploratzaileak izeneko programa aurkeztu du, munduan zehar emakumeen espedizioek izandako garrantzia ezagutzera emateko asmoz. Azaldu dutenez, XIX. mendean, Europarrak mundua esploratzeari ekin zioten eta bertan emakumeak ere baziren. Horregatik, “museotik pertsonaia hauengan jarri nahi izan dugu fokua, bideo eta edukien bidez”. Proiektu honen bidez, Le Tour du Monde izeneko XIX. mendeko aldizkariaren hainbat aletan agertutako emakumeen bizitza ezagutzera eman nahi da, aldizkarietatik ateratako irudiekin ilustratuz. Ida Pfeiffer (Viena 1797 – 1858) , Lisa Barbier Cristiani (Paris 1827- Tobolsk 1853), Alexandrine Tinne (La Haya 1835- Murzuk 1869) eta Florence von Sass (Transilvania 1841- Devon 1916) dira emakume horiek.

“Emakume adoretsu hauen artean esan dezakegu gizon esploratzaileek erakusten ez diguten indigenekiko ikuspegi ulerberago bat aurkitu dugula, ausardiaz eta trebetasunez maila bereko espediziotan murgildu ziren arren”, dio Mikel Alberdi Zumalakarregi Museoko artxibo arduradunak.

Gainera, proiektuak emakume hauek XIX. mendeko esplorazioetan izandako paper garrantzitsua erakustea ere badakar, “emakume bakoitzaren errealitate eta bizipenak ezberdin eta interesgarriak izan dira. Sinestezina da garai horretan honelako ibilbideak egiteko ausardia zuten emakume hauek topatu izana” dio Eider Arruti Zumalakarregi Museoko Hezkuntza eta Komunikazioa arduradunak.

Zabaldu: