(argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Zumarragako Antioko Musikaldiak bost ikuskizun eta kontzertu eskainiko ditu XXXIX. edizioan

Emanaldiak doakoak izango dira eta irailaren 3, 10, 17 eta 24an izango dira, 19:30ean.

Antioko Musikaldia irailean izaten da urtero, Zumarragako Antioko ermitan. Aurten, 39. edizioa izango du ekimenak eta irailaren 3an, 10ean, 17an eta 24an egingo da. Urriaren 2an ere, “aparteko ikuskizuna” izango dela iragarri du antolakuntzak, Igartubeiti museoan (Ezkio-Itsaso), 18:00etan.

Antolatzaileek adierazi dutenez, “emanaldi hauek aukera bikaina dira musika instrumentalaz, ahotsez eta diziplina anitzeko ikuskizunez gozatzeko Donostiatik kanpo, eta euskal interpreteek beren lana ezagutarazteko aukera ere emango dute”. Programazioa ganbera-musikan oinarritzen da eta artista gazte eta ezagunen arteko oreka mantentzen saiatzen da, norberaren errepertorioaren eta errepertorio unibertsalaren artekoa.

Zikloa 1984an abiatu zen eta orain arte izen handiko musikariek hartu dute parte: Ara Malikian, Kukai dantza taldea, Kalakan, Jacob de Han… Edizio honetan gainera, ez da edukiera mugarik izango; beraz, Antioko ermitak bere betiko edukiera mantenduko du.

Bai Zumarragako alkate Mikel Serranok, bai Kulturako diputatu Harkaitz Millanek nabarmendu dutenez, “aurten ere kalitatea eta aniztasuna bermatuta egongo dira. Eta programaren kalitateaz gain, inguruaren edertasuna eta ermitaren akustika apartak kontzertu horiek esperientzia paregabea bihurtuko ditu”.

Hala, irailaren 3an Recital 2.0 musika ikuskizuna eskainiko dute Daniel Garcia Diego pianistak eta Pablo Martin Caminero kontrabaxu jotzaileak.

Irailaren 10ean, berriz, Luz y Norte ikuskizuna ikusteko aukera izango da Artemandolineren eskutik, Juan Carlos Muñoz eta Mari Fe Pavon buru direla. “Mandolina barrokorako bereziki konposatutako musika aztertzen, berreskuratzen eta interpretatzen espezializatutako munduko talde bakarra da hau. XVII. eta XVIII. mendeetako Europan oso ezaguna eta ohikoa da”, azaldu dute.

Irailaren 17an Landarbasoro Abesbatzaren Elkano obra antzeztuko da. “Munta handiko proiektua” dela diote antolatzaileek, eta honako hauek hartuko dute parte: haurren abesbatza murriztua, abesbatza mistoa eta oinarrizko instrumentazioa (flauta, pianoa, perkusioa eta aktorea) eta istorioa kontatzen duen off ahotsa. “Azken finean, proiektu batek Elkano eta emakumea itsasoan batzen ditu, errodera gisa edo nabigatzaile gisa, Maria de Zuzaiaren kasuan.

Irailaren 24an Steven Lin piano-joleak Arthur Rubinstein nazioarteko piano-lehiaketako lehen saria irabazi zuen Tel Aviven. Lin bere belaunaldiko artista bereizgarri eta originalenetako bat da. New Yorkeko Filarmonikoarekin igo zen oholtzara lehen aldiz, 12 urte zituela. “Duela gutxi, debut bikaina egin zuen Carnegie Hallen, Txaikovskiren Pianorako 1. kontzertua jotzen”.

Amaitzeko, urriaren 2an Juanma Begiristain eta Gorka Hermosa musikari urretxuarren kontzertuak izango dira Igartubeiti museoan.

Zabaldu: