Züzülü, kulturari eskainitako gune handi eta ireki bat Baionan

Partekatzeko leku goxo bat izateko jaio da Züzülü. Bertan, artisten lantegiak kokatu dituzte, baita kontzertu eta antzezkizunak taularatzeko edo kafea hartzeko espazioak ere.

Baionako Cordeliers karrikako Txiriboga ostatua zena arte eta kulturari eskainitako gune handi eta ireki bat bilakatu da: Züzülü. Nicolas Armendariz da proiektuaren arduraduna eta Gure Irratian emandako elkarrizketan azaldu duenez, dena berritu eta leku berezi bat sortzea izan da asmoa, “partekatzeko leku bat da”, azaldu du. Zuberoan “Züzülüa” zurezko aulki luze bat da, zizeilua, alegia. Horregatik Armendarizek Züzülü izena jarri dio ireki berri duen espazioari, izan ere partekatzeko aulki hori da berarentzat. Hala, “leku goxo bat” sortu nahi izan du Armendarizek, “artista desberdinekin partekatzeko gune eta momentu bat”.

Dagoeneko bost artista ari dira bertan lanean, Pott serigrafiaren tailerra ere hor kokatu du gune berriaren arduradunak, izan ere, Armendarizek hiru urte daramatza Pott Serigrafia lantegian lanean, Baionan. Horretaz gain, arte erakusketak, eta kontzertuak eta antzezkizunak taularatzeko gunea ere izatea nahi izan du Armendarizek, “leku bizi bat Baiona Ttipian”, adierazi du.

Züzülü guneak, baina, kafe goxo bat hartzeko parada ere eskaini nahi du, “kafe bat hartzeko, pausatzeko Internetarekin, liburu batekin edo lan egiten”. Armendarizek azaldu duenez, “kafea hartzera doanak leku ireki eta argi bat ikusiko du bertan, lantegiak ikusiko ditu, artistak nola ari diren lanean, hotsak entzungo ditu…” artistekin mintzatzeko aukera izango du bertaratzen den orok. “Momentu honetan pixka bat animatzeko edo plazera hartzeko, dantzatzeko, kantatzeko lekuak behar ditugu”, uste du Armendarizek.

Zabaldu: