(argazkia: Etxepare Euskal Institutua)

June Crespok Veneziako Biennale Arte 2022 erakusketan hartuko du parte

Artistaren hiru artelan egongo dira ikusgai apirilaren 23tik azaroaren 27ra.

Veneziako Biurtekoaren 59. edizioan June Crespok (Iruñea, 1982) hartuko du parte antolakuntzaren gonbidapena jaso eta gero. Pabilioi Nagusian (Gli Giardini) Helmets IV, Helmets IX eta Helmets X artelanak erakutsiko ditu. Aurtengo erakusketa, pandemia dela eta urtebete atzeratu dena, The Milk of Dreams (Ametsen esnea) lelopean egingo da, Leonora Carrington artista surrealistaren liburu baten izenburuari erreferentzia eginez. Bertan, Carringtonek mundu magiko bat deskribatzen du, bizitza irudimenaren prismatik birplanteatuz. Ideia hau Cecilia Alemaniren zuzendaritza artistikoaren baitan sortu da.

Cresporen obra mundu osoko 213 artistaren lanekin osatutako ibilbide berezi baten parte izango da, ikuslea gonbidatuko duena gizatasunaren eta ez-gizatasunaren inguruan hausnartzera, bizitzari buruz pentsaraziz, eta planetarekin, pertsonekin eta beste bizimodu batzuekiko ditugun erantzukizunei buruz ere hausnartzera gonbidatuz.

Testuinguru horretan kokatzen da, era berean, Cresporen lana. Bere piezetan, gorputzak arkitekturarekin dituen harremanei buruzko hizkuntza bat lantzen du, eskulturatik. Zuloak, hodiak, mugak, zirkulazioa eta hondarra dira artistaren ekoizpena aipatzeko gehien errepikatzen diren terminoetako batzuk. Eskulturak eta irudiak lantzen ditu, beti prekarietate materialetik, baliabideen ekonomiatik, fokua lanketa horretan jarriz, saiakeraren garrantzian.

Beira-zuntza, erretxina, zeramika eta brontzetik hasita, elementuak eta materialak moztu, zatikatu, handitu eta konbinatzen ditu, ikusle bakoitzari irakurketa ezberdina egiteko aukera eskaintzen dioten forma intuitibo berriak sortuz.

Bere lanak armadura bihurtzen dira, aldi berean eraikitako ingurunea eta giza gorputza gogora ekarriz. Nafarraren instalazioek etorkizuneko hiri-paisaia distopikoak eta izaki cyborg konposatu gisa dugun esperientzia garaikidea islatzen dute.

Pasa den urtean Gasteizko Artium Museoak antolatutako June Crespo. Helmets erakusketak orain Venezian aurkezten duen sail bereko obrak bildu zituen, bere ibilbideko une desberdinetako lanekin batera.

Helmets asoziazio libre bat da eta Henry Moore-en The Helmet Heads serieari egiten dio erreferentzia, artistak bere lehenbiziko zeramika lanak egiten zituen bitartean deskubritu zuena. Argizariei metal industrialeko profilak erantsiz, aluminiozko leihoetakoak bezalakoak, argizari galduaren urtze prozesua proban jartzen zuen, ustekabeko istripuak sortuz. Hala, artistaren hitzetan, zoriak, kontrol faltak eta materialen jokaeraren tankerako faktoreek pisu handiagoa hartzen zuten. Mota horretako elementu estruktural eta funtzionalek izaera anatomikoko osagaiak zeharkatzen dituzte, eta materialki fusionatuta, hibrido organiko eta mekanikoa osatzen dute, eskuzkoa eta industriala.

Sortutako artelanen izenburuek iradokitzen dute gertuago daudela armadura edo karkasa izatetik, janzteko edo babesteko zerbait izatetik, gorputzetik bertatik baino.

Zabaldu: