Alondegiak hartuko du Bilbon euskararen erabilera sustatzea eta normalizatzea helburu duen ekimena. Euskara ulertu eta hitz egiteko gai diren guztientzat -euskaldunak zein euskara ikasten ari direnentzat- zabalik dago jardunaldia.
1.100 pertsona inguru izango dira Berbagunearen bederatzigarren edizioan, datorren asteazkenean, azaroak 9, 09:30etik 19:00etara Bilboko Alondegia zentroan.
Ekimenak euskararen erabilera Bilbon sustatzea eta normalizatzea du helburu. Antolatzaileek azaldu dutenez, “beste behin ere, erronka izango da adin eta egoera guztietako euskaldunak hainbat gairi buruz euskaraz hitz egiteko mahai baten inguruan elkartzea: liburuak, kirola, aisialdia… Euskara ulertu eta hitz egiteko gai diren guztientzat, euskaldunak zein euskara ikasten ari direnentzat, zabalik dago jardunaldia, giro lasaian, beste euskaldun batzuekin hitz egin nahi badute”.
Parte hartzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik www.berbagunea.eus webgunean izena ematea, inprimaki sinple bat beteta.
Sei pertsona talde bakoitzean
Egun osoan zehar lau txanda antolatuko dira: 9:30etik 11:00etara; 11:00etatik 12:30era; 12:30etik 14:00etara; eta, azkenik, arratsaldez, 17:00etatik 18:30era, kasu guztietan Alondegia Zentroko atarian.
Txanda bakoitzean 300 parte-hartzaile egongo dira, gehienez sei laguneko mahaietan antolatuta.
Talde bakoitzak elkarrizketa-gai bat izango du; 20 minutu igarotakoan, mahaiz aldatuko dira, eta beste gai bati buruz hitz egiten jarraituko dute. Txanda bakoitzean birritan aldatuko dira mahai batetik beste batera parte-hartzaileak; hau da, guztira hiru mintzagai izango ditu pertsona bakoitzak. Mahai guztietan pertsona bana egongo da moderatzaile-lanak egiteko.
Aurreko urteetan egin duten bezala, kultura, gizarte, ekonomia, kirol eta politika arloko hainbat pertsona ere izango dira Berbagunean eta herritarrekin mahai berean egongo dira euskarari ikusgarritasuna emateko.