AztiHitza izenpean, Agosti Xaho zuberotar pentsalari eta ekintzailearen bizitzari buruzko liburu biografikoa marraztu du Asisko Urmenetak (Iruñea, 1965). Erroa argitaletxeak argitaratuko duen bigarren BioGrafikoa da honakoa, 2015eko Gabriel Aresti BioGrafikoa-ren ondoren, eta mugaz bi aldeotako euskaldunon elkarlanaren emaitza izango da, izan ere, Herrima kultura elkartearekin eta Atharratzeko Prefosta elkartearekin elkarlanean argitaratuko du lan hau.
Liburuak kontatzen duenez, bizkaitar batzuek Atharratzeko trinketea erosi berri dute, eta bertako gazteei utzi, nahi duten gisan kudeatzeko. Baldintza: Bertan sortu zen Agosti Xahori (1811n) omen egitea. Batzuen aspaldi Basaburuko gazteak egoitza xerka ari zirela, eta onartu egin dute ezohiko tratua. Baina hasteko… Nor zen Xaho delako hura?
Zinezko egitate honek parada eman digu gure heroi nazionala hobeki ezagutzeko.
Trinketea egokitzen ari direla, Xilbik atzeman du haren Bidaia Nafarroara liburua, eta kronika irakurriz segituko du egilea Baionatik Lekunberriraino, euskaldunen lehen oldarraldian (1835ean). Gainera, misterioz beteriko etxea dugu Xahoenea bera, eta bakarrik gelditzen denean, Xilbiri agertzen zaizkio aspaldiko espirituak, zeintzuek osatuko baitute Agosti Xahoren hedadura: hizkuntzalaritzan, politikan, kazetaritzan, kosmogonian… Eta egoitza herrikideei zabaltzen dutenerako, Xilbik eta gainerako gazteek etxekotua daukate euskaldun ezinbesteko hura.
Bideoa: Gure Berriak